Irailaren 18an amaituko da begirale ikastaroan izena emateko epea

Ainhoa Andonegi Alonso 2026ko irailaren 2a

Joan den ikasturtean Begirale ikastaroak izandako arrakasta ikusita, ikasturte honetan ere antolatzea erabaki dute Debabarreneko udalek. Irailaren 18ra arte dago izena emateko epea. 

 Dagoeneko, talde bat osatu da eta bigarrenerako ere interesa agertu dutenak badira, beraz, bigarren talde hori osatzeko ahaleginetan ari dira Debabarreneko Udalak.
Ikastaroa euskaraz izango da, eta ikasleek 18 urte beteta izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2027ko ekainaren 30erako.
Ikastaroa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako “Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale” titulu ofiziala eskuratuko dute.

Hona hemen ikastaroaren inguruko xehetasunak:

Iraupena:
Ikastaroaren atal teorikoa urrian hasi eta maiatzean bukatuko da. Jarraian bi tutoretza saio izango dira.

  • Atal teorikoa (150 ordu) era praktikoan gauzatuko da. Ikastaroan, gainera, asteburu osoko hiru irteera egingo dira.
  • Praktikak: boluntario gisa bete beharreko 160 aisialdi-ordu izango dira.

Ordutegia:

  • Larunbatetan 9:30-18:30 (1:15 bazkaltzeko).
  • Asteburu osoko hiru irteera: Larunbateko 10:00etatik igandeko 15:00etara.

Lekua:

  • Larunbatetako saioak Debabarreneko bi herritan izango dira (izen-ematearen arabera).

Prezioa:

  • Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa izango da, da baina Debabarreneko herriren batean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik, 150 €.

Izen-ematea: https://labur.eus/debabarrenabegirale26
Informazio gehiago: 943 744 366
Izena emateko azken eguna:  Irailak 18