Ermua eta Donostia arteko autobus zerbitzua errefortzatuko du Lurraldebusek

Asier Orbea Ostolaza 2026ko irailaren 2a

Elgoibarko autobus geltokia.

Irailarekin batera, Lurraldebuseko zerbitzuan ohiko errefortzuak jarriko dituela eman du aurten ere jakitera Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Aldundiak Lurraldebuseko zerbitzua indartuko du ikasturte berriaren hasierari begira. Hala iragarri du Azahara Domínguez diputatuak. Jakinarazi duenez, DB02 lineak (Ermua eta Donostia lotzen ditu) errefortzuko autobusak izango ditu 6:30ean, 7:10ean eta 15:10ean Donostiarako noranzkoan. Kontrako noranzkoan, berriz, 14:30eko, 18:20ko eta 19:20ko autobus zerbitzuak dirab indartuko dituztenak. Errefortzu horiek ohiko moduan egingo dituzte, astelehenetik ostiralera.

Era berean, DG07 lineako (Eskoriatza-Arrasate-Elgoibar-Zarautz-Donostia) 5:50eko zerbitzuan ere, Donostiarako noranzkoan, prest edukiko dute errefortzua eman ahal izateko autobus bat, beharra izanez gero.

Azahara Domínguezek gogora ekarri du garraio publikoaren erabileran urteko punturik garrantzitsuenetako bat dela ikasturtearen hasiera. "Horregatik, aurreko urteetan egin dugun bezala, ohiko moduan indartuko dugu eskaintzen dugun zerbitzua, familiei eta egunero joan-etorriak egin behar dituzten pertsonei ziurtasuna ematen jarraitzeko, garraio publikorako sarbidea bermatuta izan dezaten”, adierazi du.

Diputatuak azpimarratu duenez, mota horretako errefortzuek ohiko jarduerara itzultzeak sortzen dituen "mugikortasun-beharrei erantzutea" ahalbidetzeaz gain, garraio publikoa herritarren eguneroko bizitzan gero eta integratuago dagoela erakusten dute. “Autobusaren alde egiten duenak zerbitzu erosoa, eskuragarria, segurua eta fidagarria aurkitzea nahi dugu”, adierazi du.

Eibarko eta Elgoibarko alkateak, pozik

Azahara Domínguezek gogorarazi du errefortzu horiek plangintzaren eta Eibarko eta Elgoibarko udalekin dagoen lankidetzaren emaitza direla, azken ikasturteetan arlo horretan elkarlanean aritu baitira. Horren harira, diputatuak eskerrak eman dizkie Jon Iraola Eibarko alkateari eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkateari, garraio publikoa sustatzeko eta hobetzen jarraitzeko erakutsitako prestutasunagatik.

Eibarko alkate Jon Iraolak adierazi duenez, “Eibar Euskadiko konexio- eta mugikortasun-gune nagusietako bat da, eta garraio publiko fidagarria izatea funtsezkoa da gure herritarrentzat, baita egunero gure udalerrira etortzen diren edo Eibartik lanera edo ikastera joateko irteten diren pertsona guztientzat ere. Zerbitzuen indartze hauei esker, ikasturte hasierari berme handiagoz egin diezaiokegu aurre, eta data hauetan handitzen den eskariari erantzuten diote”. “Eskerrak eman nahi dizkiot Foru Aldundiari, eta bereziki Azahara Domínguezi, zerbitzua hobetzen jarraitzeko erakutsitako prestutasunagatik. Erakundeen arteko koordinazioa funtsezkoa da Eibar ondo konektatuta egoten jarrai dezan eta garraio publikoa gero eta alternatiba erosoagoa eta fidagarriagoa izan dadin”, adierazi du.

Ildo beretik, Elgoibarko alkate Maialen Gurrutxagak uztailean Aldundiari egin zioten eskaera aipatu du, hain zuzen, Elgoibartik pasatu eta Donostiara doazen autobus zerbitzuen errefortzua egitea ikasturte hasieran. “Eskertuta gaude gure
eskaerari erantzuteagatik, garraio publikoak herritarren ongizatean eta lurraldearen koesioan zuzenean eragiten dute eta”, baloratu du.