Aire libreko margo lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak irailaren 26rako

Ainara Argoitia Arano

Irailaren 26an, zapatua, egingo da aurten Udalak antolatutako Mendaroko aire libreko margo lehiaketa. 31. ekitaldia izango da aurtengoa, eta ohi bezala, bi kategoria izango dira: helduena eta 14 urtez beherakoena, zeinean bi azpikategoria bereiztuko dituzten.

Mugatua izango dute margolariek lanerako eremua herrian, baina libre nahi duten teknika, formatu eta euskarri erabiltzea. Goñati frontoian zigilatuko dituzte lanerako euskarriak 09:00etatik 11:00ak bitartean, eta 13:00-14:00ak alderako entregatu beharko dituzte beren margolanak, leku berean. Udaletik jakinarazi dute euskarriak lanerako gertu ekarri ahal izango dituztela partaideek, baina ez zaiela marrazki, zirrimarra edo marra-aztarnarik eginda ekartzea onartuko.

Bi kategoria bereiztuko dituzte aurten ere: helduena eta 14 urtez azpikoena. Helduenean lau sari banatuko dituzte, denak ere dirutan: 700 euroko sari nagusi bat, 500 euroko bigarren bat, eta 300 euroko bi, hirugarren eta laugarren lanik onenentzat. Ohi legez, lehenengo bi margo sarituak Udalaren esku geldituko dira, eta bigarren sariduna herritarren artean zozkatuko dute. 14 urtez azpikoetan, bi azpikategoria banatuko dituzte. HH2tik LH2ra artekoena, eta LH3tik DBH3ra artekoena, eta kategoria bakoitzeko onenek margotzeko materiala jasoko dute saritzat.