Urri bukaeran ospatuko den Pintor Rock musika jaialdi katalanak estreinako ekintza antolatu du aurten: talde hasiberrien arteko lehiaketa. Estatu osoko rock, punk eta metal taldeak aurkeztu dira, eta hamasei finalistekin hasi zuten bozketa joan den irailaren 7an. Haien artean izan dira Makis 37 taldeko kideak, eta lehen bozketa aise irabazi zuten arren, %50ean berdinduta bukatu dituzte hurrengoak. Antolatzaileek boto-zenbaketak publikoki argitaratu behar izan dituzte, eta 4.000 bototik 30 baino gutxiagoko aldearekin pasa dira hurrengo fasera, bai final-laurdenetan, bai finalerdietan. Gaur hasi da azken bozketa, 12:00etan, Pintor Rocken instagram kontuko storietan, eta egoera errepikatu da: Kuerpospin talde valentziarrarekin daude lehian, eta %49-%51 galtzen eta %50-%50 berdinduta eman dituzte azken orduak.
Talde ermuar-elgoibartarrak eskerrak eman dizkie finalera heltzen lagundu dieten lagun guztiei, eta, "horra arte ailegatuta, azken bultzada" eskatu dute, ametsa bete eta Pintor Rock jaialdian jo ahal izateko. Botoa emateko, egin klik HEMEN.
Irabazleek jaialdirako tiketak, 500 euro eta, garrantzitsuena, Pintor Rocken lehen egunean –urriaren 29an– jotzeko aukera izango dute sari. Gainera, The Toy Dolls eta Kaos Urbano taldeekin partekatuko dute eszenatokia; eta jaialdiko kartela osatuko dute, besteak beste, Boikot, Narco, Soziedad Alkoholica, Segismundo Toxicomano, eta Makis 37koek Santixauetan San Pelayoko eszenatokian lagun izan zuten El Drogasek ere.