Lanok irauten duten bitartean sahiesbidea bat (bypassa) sortuko dute pare horretan: Irailaren 19tik, larunbatetik, 16:00etatik, 20ra, igandera, 22:00etara. Bypass hori 61,000 kilometro puntutik 64,200 kilometrora izango da eta larunbatean 16:00etan hasiko da. Aurretik baina, ostiraleko 20:00etatik larunbateko 16:00etara, ezkerreko erreia itxiko dute Mendaron, Bilboko norabidean, 61,000 eta 61,300 pk artean, fresatze-lanak egin ahal izateko beharrezkoa den materiala pilatzeko. Gero jarriko dute martxan sahiesbidea, eta beraz, larunbatetik, hlaren 19tik, 16:00etatik, igandera, hilaren 20ra, 22:00etara, Bilboko norabidean doan trafiko guztia Behobiako norabideko plataformatik desbideratuko dute.
Halere, aipaturiko lan horiek egin ahal izateko aurrelanek ere eragina edukiko dute autobideko zirkulazioan. Ondorioz, irailaren 16tik, asteazkenetik, aurrera hainbat afekzio sortuko dira. Lehena, atzo gauan izan zen. Gaur, berriz, fresatuko den zatiaren beste ertzaren erdibideko pasoa irekiko dute, eta beraz, Elgoibarren, 64,000 eta 64,300 pk artean, bi norabideetan, ezkerreko erria itxiko dute 21:00etatik 03:00etara.
Bidegik jakinarazi du ordutegi guztiak "gutxi gorabeherakoak" direla, izan ere, eguraldia bezalako faktoreek aldaketak eragin ditzakete. Horren harian, gomendatzen du zuhurtziaz gidatzeko eta seinaleen zein lanean arituko diren langileen jarraibideei kaso egiteko.
Zoladura berritzeko kanpaina
Bidegik 14,9 milioi euroko inbertsioa egingo du AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako 46 kilometrotan bide-zorua berritzeko. Debabarrenean daude berritu asmo dituzten errepide zati batzuk, 16,6 kilometro guztira. Berritze kanpaina honen helburua da zoladuraren baldintza estrukturalak eta funtzionamendua mantentzea, bide-segurtasuna bermatuz eta ematen den zerbitzu mailari eutsiz. Zoladura berritzeko kanpainaren bosgarren jarduera izango da asteburu honetako hau.