Bernardo Ibarra: "Etorri nintzeneko ilusio berberarekin segitzen dut Arrate Irratian"

Ubane Madera Zangitu

Bernardo Ibarra Arrate Irratian, aste honetako martitzenean.

Bernardo Ibarraren ahotsa entzuteaz bat antzematen da hura dala egunero etxe askotan irrati-uhin bitartez sartzen den lagun hori; Arrate Irratiko esataria. Informazioa eman, kontu kontari aritzen dena eta, noski, musikaren alaitasuna helarazten diena. 1978an hasi zen Bernardo Ibarra irratian –lehenago, tarteka ibili zen Arratera joaten–, eta, oztopoak oztopo, 52 urte daramatza bertan. 

Bihotzean eta zainetan darama irratia Bernardo Ibarrak, eta, beteranoa izanagatik ere, hasi zeneko ilusio berberarekin jarraitzen du. Honetaz eta hartaz jardun du BARRENArekin; batez ere, irratiaz, eta, noski, Arrate Irratiaz.

Horren polemikoa zen Arrate Irratia birritan ixteko?

"Zapatuetan etortzen nintzen; lantokitik irten, ogitartekoa jan eta, arineketa batean, trena Atxurin hartu eta 16:30ean Eibarrera heldu. Arratera oinez igo eta irratian lanean hasi"

Garai haietan bai. 1959an aireratu zuen lehen seinalea On Pedro Gorostidik, euskara, elizkizunak eta musika ardatz hartuta, baina garai latz haietan, eta zenbait salaketa tarteko, 1964an itxi egin zuten irratia orduko agintariek. 

1978an egin zen bigarren saiakera. Elkartea sortu, eta uztailean emisioa hasi zen. Lau hilabete egin genituen. 

Garai hartan, Bilbon ari nintzen lanean, Iberdueron. Zapatuetan etortzen nintzen irratira; lantokitik irten, ogitartekoa jan eta, arineketa batean, 15:00etan trena Atxurin hartu eta 16:30ean Eibarrera heldu. Arratera oinez igo eta irratian lanean hasi. Ni heldu artean, Eibarko Garbiñe Gisasola aritzen zen; gero, hemen egiten nuen lo; eta domeka arratsaldean, buelta Bilbora.

Bigarren aldian zergatik itxi zuten?

Baimen ofizialik ez zegoelako. Baina uste dut salaketaren bat egon zela. Azaroan, astelehen goiz batean, Madrildik poliziak etorri ziren eta zigilatu egin zuten. 1982an, berriro zabaldu genuen.

Ofizialki?

Ez. Beldurrez zabaldu genuen, "oraintxe etorriko dira, oraintxe etorriko dira" berriro pentsatzen. 

1982a baino lehen, hainbat bidaia egin genuen Madrilera eta Gasteizera, Eusko Jaurlaritzara. Madrilera On Pedro eta biok joan ginen. Bitxikeria moduan, ni hegazkinean behin bakarrik ibili naiz, eta orduan izan zen. Hango ministeriora joan ginen, eta bi gizajo bagina bezala hartu gintuzten. Gure egoera azaldu genien eta erantzuna "irratiko kontzesioen" zain egon behar genuela izan zen. Hitz onak, baina… Etorri ziren lehen kontzesioak, eta gehienak Espainia aldeko kateen eskuetara joan ziren. Guretzat ezer ere ez. Geroxeago, Eusko Jaurlaritzara joan ginen, eta Arrate Irratiaren lehenengo itxiera ez zela bidezkoa izan baina itxaron egin behar genuela apur bat adierazi ziguten. Handik atera ginen esanez: "Hemen baietzik ez dute esan, baina ezta ezetzik ere; orduan, erdiko bidetik egingo dugu". Esan eta egin, zigiluak apurtu eta aireratu egin ginen. Ordutik, martxan da Arrate Irratia.

Zenbat hasi zineten eta zenbat zarete orain?

Bi lagun hasi ginen, Garbiñe Gisasola eta biok. Eta gaur egun, bost gara: Eukene Landa, Elene Agirreamaioa, Asier Orbea, Agurtzane Urriolabeitia eta bostok. Justu, baina ez du ematen gehiagorako.

Astelehenetik domekara, egunero egoten zarete 08:00etatik 21:00etara, ezta?

"Oso entzule leialak ditugu, jende oso jatorra"

Bai, eta horri egunero eutsi egin behar zaio. Publizitate bila ere joan behar izaten dugu, autokontrola egin, fakturazioa, garbitasuna… Dena guk egiten dugu. Gure programazioa irrati handiagoena baino apalagoa da, baina irrati bakoitzak bere berezitasuna izan behar du. Ez zait ahaztuko Arrate Irratiak 60ko hamarkadan eragiten zidan zirrara, eta zirrara hori berori helarazi nahi diegu gaurko entzuleei. Oso entzule leialak ditugu, jende oso jatorra.

Zenbat herritara ailegatzen da Arrate Irratia?

Gipuzkoan eta Bizkaian zati handiak estaltzen ditugu, Araban apur bat, eta baita Nafarroan ere. Baina, gaur egun, Internet bidez mundu osora heltzen gara. Bilbotik, Donostiatik, Madrildik, Bartzelonatik, Alemaniatik eta herrialde askotatik entzuten gaituzte Internet bidez. Bide horietatik, gure entzule kopurua gorantza doa.

Programaziotik zerk dauka arrakasta handien kanpora zein barrura begira?

Barrura begira, Gora bihotzak irratsaioa asko atsegin dut. Adineko pertsonei zuzendutako agurrak izaten dira, eta, sarritan, eurekin telefonoz zuzenean hitz egiten dugu. 95 urteko bati entzutea, haren euskara ezin hobearekin eta daukan konformidadearekin eta bizipozarekin… Horrek erabat betetzen nau. Elkarrizketak ere gogoko ditut. Kanpora begira, berriz, eguraldiaren saioa, Alkoholiko Anonimoek egiten duten jarduna, euskararen gaineko saioa, landareei eta arbolei buruzkoak, meza santua, kirolak eta herri-kirolak –batez ere– oso etxekoak dira. Baita arratsaldeko saioa ere, musika, elkarrizketak eta informazioa.

Musika aipatu duzu. Izan ere, musika inportantea da Arrate Irratian, eta diskoteka handia duzue, gainera.

Bai, mota askotako musika dugu, eta mota bakoitzean 10.000 piezatik gora: trikitia, soinu handia, euskal abestiak, Tirol aldekoak, Mexiko aldekoak, orkestrak, klasikoa, txistuarena, abesbatzak…

Bakarrak izango zarete Tirol aldeko musika eta beste zenbait musika mota ipintzen gaur egun hemen…

Tirol aldeko musika betidanik izan dut gogoko. Oso alaia da. Lehen ere, irratian disko batzuk bazeuden; orain, askoz gehiago. Eta beste musika mota batzuk ere ia-ia hemen bakarrik entzuten dira gaur egun; txistua, adibidez. 

Horrek ere ematen dio bere ukitua Arrate Irratiari…

"Kontrolean ari naizenean, gozatu egiten dut, bizi egiten dut musika"

Hori ere garrantzizkoa da. Irrati-formula egiten hasiko bagina, batetik, oso txarrak izango ginateke, eta, bestetik, daukagun entzuleria guztia galdu egingo genuke, eta berririk irabazi batere ez. Gainera, kontrolean ari naizela, ezingo nuke reggaeton piezarik jarri… ezta beste estilo batzuetakoak ere. Benetan, kontrolean ari naizenean, gozatu egiten dut, bizi egiten dut. Begira, kontrolean nabilenean, irrati-gailua izaten dut beti ondoan, eta, horrela, aldi berean entzule bihurtzen naiz, eta horregatik esaten dut: "Ederra! Elegantea! Hau da hau pieza!…". Halakoak barrutik irteten zaizkit; izan ere, musika jartzen dudanean, gozatu egiten dut, eta horregatik nago hain pozik Arrate Irratian. Eta garbi ikusi dut nire gustuko musikarekin bat egiten duten asko daudela. Gaur egun, musika mota hori entzuteko aukera bakarra gara.

Zer gustatuko litzaizuke egitea edo nor elkarrizketatzea?

Herri gehienetan badaude pertsona oso interesgarriak; asko dakitenak. Batzuetan, oso isilak eta apalak izaten dira. Haiei oihartzuna ematea polita izango litzateke. Historia, ohitura, etnografia, hizkuntza aldetik… Zerbait egiten dugu, baino gehiago gustura asko egingo genuke.

Osterantzean, gaziren bat baduzu programazioarekin?

Atzean utzitako programei begira jarriko naiz. Esaterako, Bertso saioa. Oso interesgarria zen, baina grabazioa eskuratzeko ordaindu egin behar izaten genuen. Eta gero, ordubeteko saioa txukun prestatzeko, ordu batzuk behar izaten ziren. Entzuleriak gogoko saioa zuen, baina, saiatu arren, ez genuen babeslerik lortu.

Erakundeak ondo portatzen dira zuekin?

Euskaraz egiteagatik Gipuzkoako Foru Aldunditik dirulaguntza jasotzen dugu. Bestela, ezinezkoa litzateke irratiak aurrera egitea. Baina, era berean, erakundeen publizitatea gutxi heltzen zaigu hona; bistakoa da irrati handietara bideratzen dutela.

Zer da zailena?

Publizitatea lortzea. Gaur egungo gizartea asko aldatu da. Arrate Irratian bazkideak daude; garai batean, mordoa egin ziren. Sasoi hartan, euskal irratietan edo euskarazko aldizkarietan bazkide egitea, urtean kuota txiki bat ordainduz, militantzia zen; abertzaletasunaren keinua. Gaur egun, hori, neurri handi batean, galdu egin da. Beste gauza batzuk daude: plataformak, sare sozialak… 

Bestalde, badaude oraindik ere egiten dugun lana eta hizkuntza gogoan hartzen duten pertsonak. Hori dela eta, bazkide berriak ere egiten dira.

Zailtasunak zailtasun, antzematen da zuk irratia maite duzula.

"Niretzat irratia asmakizunik onena da! Laguna da"

Izugarri. Askorentzat mugikorra dena niretzat irratia da. Asmakizunik onena da! Laguna da, ez zaude bakarrik, eginbeharrak egiten dituzun bitartean irudimena erabiltzen duzu, elkarrizketa bakoitza, kanta bakoitza… pelikula bat da.

Poztu egiten zara, negar egiten duzu, benetako lagunak egiten dituzu… Eta hori dena, doan; zer gehiago eskatu! 

Komunikabidea denez, zelan ikusten duzu irratiaren egoera gaur egun?

Nolabait, arriskuan ikusten dut. Gaur egun, mugikorrari begira orduak eta orduak ematen dira, eta horri begira zauden bitartean ez duzu irratia entzuten. Gainera, gizartea, nire ustetan, horren erabat menpe dago. Eta orain hasten dira arazo handiak sortzen.

Era berean, horrelakoetan, ez dakizu notizia bat benetakoa den edo ez. Irratia, berriz, serioagoa da. Irratiak konfiantza handiagoa ematen du. Kasu askotan, etxekotzat hartzen gaituzte, gainera.

Bestalde, gaur egun, irrati batzuk ari dira estudioetan kamerak jartzen. Nire ustez, irratiaren xarma galdu egiten da horrekin. Kamerarik ez dagoen irratian, entzule batzuentzat esataria potoloa, beste batzuentzat argala edo altua edo gaztea edo heldua izango da… Hori da irratiak duen magia.

Geroago eta komunikabide eta sasi-komunikabide gehiago dauden sasoi honetan, Arrate Irratiak zein eginkizun betetzen du, zure ustez? Beharrezko ikusten duzu?

Nire iritziz, Arrate Irratia ez balego, txistu doinuak, zortzikoak, trikitia, Euskal Herriko herri-musika… eta auzo txiki askoren ahotsa entzun gabe geldituko litzateke. 

Horrelako hedabide txikiak eta herri-girokoak bozgorailu gabe geldituko lirateke. Ondorioz, guztiz beharrezkoa ikusten dut.

Lan lotua da zuena; zelan ikusten duzue ondorengotza? 

"Irratiaren beste aldean dauden entzuleak mimatu, arretaz erantzun… Hitz batean, zaindu egin behar dira"

Kezka handiz ikusten dut. Arrate Irratian lan egiteko zaletasun apur bat ezinbestekoa da. Ordu asko egin behar dira, irratiaren beste aldean dauden entzuleak mimatu, arretaz erantzun… Hitz batean, zaindu. Ez dago lehen zegoen militantziarik. Beraz, denbora lekuko. 

Esan duzu, baina bistakoa da zue Arrate Irratian benetan gustura zaudela.

Etorri nintzeneko ilusio berberarekin jarraitzen dut. Pozik nago hemen. Gure inguruan jende asko dagoela sentitzen dut, egiten dugun lana ona eta beharrezkoa dela uste dut, euskararen eta euskal gogoa pizteko baliagarria. Beharbada, ameslari hutsa naiz! Edozelan ere, daramagun herri-giroko bidea zuzena da; alegia, lan lotua da, baina poz handiak ematen ditu.