Naroa Irure, EHNE sindikatua: "Gipuzkoan salbuespen egoera ezartzea da erronka"

Ubane Madera Zangitu

Naroa Irure, EHNE sindikatuko koordinatzailea, iturri baten ondoan. Argazkia: EHNE. 

Azken hilabeteotan, EHNE sindikatua hitzaldiak egiten dabil herriz herri. Mendiko urak kontrolatzeko Eusko Jaurlaritzak ezarri nahi duen sistemaren harira ari da horretan. Europak mendiko urak neurtu nahi ditu legez; eta, lege hori betetzeko, Jaurlaritzak erabaki du Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen diren mendiko urei kontagailuak jarri behar zaizkiela, eta erabaki du hori ur horien erabiltzaileek egin behar dutela. Halaber, ari da jakinarazten ere, ur horren kontsumoarengatik kanona ordaindu behar dutela erabiltzaileek. EHNE sindikatuko Naroa Irure koordinatzaileak kontatu duenez, sindikatutik aukera ikusten dute egoerari aurre egiteko, eta, horretarako, elkarrekin jarduteko bidea egiten ari dira.

Mendiko uren harira batzarrak egiten ari zarete. Zergatik?

Urte honen hasiera aldera, mendiko urekin lotutako eskutitz baten berri ematen zuten EHNEko afiliatuen deiak jasotzen hasi ginen. Hasieran, deiak oso puntualak ziren, baina gero eta maiztasun handiagoarekin hasi ziren deika. Sindikatuan hasi ginen gaiari buruz informazioa batzen, abokatuekin berba egiten, beste sindikatu batzuekin berba egiten, araudia irakurtzen… Eta konturatu ginen zerbait potoloa zela. Laburpena prestatu genuen eta bilerak deitzen hasi ginen Gipuzkoa mailan eskualdeka, jendearen aldartea ikusteko. Gure sorpresa izan zen ikustea bileretara jende mordoa zetorrela eta jendea oso arduratuta zegoela. 

Konta egiguzu zer eskatzen ari diren gutunen bitartez. 

Gutun horiek Uraren Agentziatik ari dira iristen. Eusko Jaurlaritzaren agentzia bat da hori. Hainbat eskutitz mota daude, baina, oro har, landa-eremuko bizilagunei esaten zaiena da mendiko uren erabileraren titularitatea eguneratu egin behar dutela eta ur horien kontsumoa kontrolatzeko kontagailua jarri behar dutela; horrekin batera, jakinarazten zaie kontsumo horren metro kubikoko 3 zentimoko kanona ezarriko zaiela. 

Noiztik ari dira baserritarrak eskutitzak jasotzen?

Lehenak 2022an hasi ziren iristen, baina oso gutxi, eta orain, 2025-2026an hasi dira maiztasun handiagoarekin iristen. Baserritar batzuek jaso dituzte, eta beste batzuek ez. Ur-hargunearen baimena batzuetan indibiduala da, eta beste batzuetan, kolektiboa; baina kasu kolektibo batzuetan, uren erabiltzaile batzuei iritsi zaie gutuna eta beste batzuei ez. Horrek berorrek presio estra eragiten die baserritarrei, gutuna jaso dutenek pentsatzen dutelako eurak daudela jomugan.

Orain arte, non egin dituzue bilerak?

Zaldibian, Azpeitian, Eskoriatzan, Soraluzen, Elgetan, Zumarragan, Urretxun eta Oiartzunen egin ditugu. Udaletxeetatik, elkarteetatik eta baserritarrak eurak hasi zitzaizkigun deika, eta ondoren etorri ziren bilerak. 

Dagoen ardura bistakoa da, orduan.

Ardura handia dago. Konturatu gara denak daudela haserre egoerarekin, iruditzen zaielako egin nahi dutena injustizia handia dela eta baserritarren eta kaletarren arteko desoreka bat gehiago dela.  

Europatik dator legea? 

Europatik datorren legea da urak neurtu egin behar direla. Eta lege hori betetzeko, Jaurlaritzak behar du jakin erabiltzaile bakoitzak zein ur-kantitate kontsumitzen duen. Hori nola egin Jaurlaritzak erabakitzen du, eta, kasu honetan, kontsumo horren zenbatekoa kontagailu bidez jaso nahi du Jaurlaritzak. Gero, kontsumo horren zenbatekoa daukatenean, erabiltzaile bakoitzari aplikatu nahi zaio kanon bat. Jaurlaritzatik diote kanona tributu propio bat dela, EAErako eginda dagoena, helburua ez dela dirua batzea, baizik eta hemengo tributu propioa dela. 

Kontagailuaren sistema horrekiko kexuak ere ari zarete jasotzen. 

Bai, hori da. Batetik, kontagailuak 600-800 euroko kostua dauka, hura norberak erosi eta instalatu behar du ur-hargunetik ahalik eta gertuen, eta gero, norberak egin behar ditu mantentze-lanak. Pentsa, kontagailua mendi-puntan jartzea tokatuz gero, sastrakak kendu behar dira hura jartzeko, eta gero, kontagailua ikustera joaten den bakoitzean ere bai. Bestalde, euri asko egiten badu zikindu egiten dira bideak, eta, kontagailua ezarrita dutenek jakinarazi dute batzuetan kontagailua kateatu egiten dela; eta ur gutxi badauka, berriz, ez daukala nahikoa presio eta gelditu edo blokeatu egiten dela kontagailua. Bestalde, kasu askotan, iturburutik irteten den uraren zati bat bidean galtzen da, ez du baserritarrak kontsumitzen. Beraz, ez da sistema fidagarria, baserritarrari lan-karga eta kostu ekonomikoa dakarkio eta ez du balio errealitatea zein den ikusteko.

EHNEk ikusten du aukera egoerari aurre egiteko, ezta?

Bai. Lehenik, ikusi nahi genuen landa-eremuko bizilagunen aldartea zein den. Konturatu gara denak daudela haserre egoerarekin, iruditzen zaielako egin nahi dutena injustizia handia dela eta baserritarren eta kaletarren arteko desoreka bat gehiago dela. Beraz, ikusi dugu baserritarren aldetik badagoela indarra. Behin indar hori badagoela ikusita, egoera aztertzen hasi ginen, eta konturatu ginen kontagailuaren sistema agindu baten bitartez ezarri nahi dutela, Eusko Jaurlaritzaren agindu bitartez. Beraz, Jaurlaritzaren agindu hori aldatu beharko litzateke, eta hori egitea Jaurlaritzaren eskumena da. Hortaz, nahi izanez gero, politikariek aldatu egin dezakete agindu hori. Europako lege bat aldatzea oso zaila da, ezinezkoa ia. Baina Jaurlaritzaren agindu bat aldatzea borondate politikoaren esku dago.

Zein da sindikatuaren helburua?

Koordinazio Taldea sortu genuen uztail bukaeran; ari gara talde hori sendotzen. Herri guztietako edo ia guztietako ordezkariak nahi ditugu taldean, indar handiagoa edukitzeko. Taldea ja nahiko sendo dago, herrietan ekintza paraleloak egin ahal izateko moduan. Lehenetsiko da informazioa ematea, komunikabideetan, ahoz aho… jendeak jakin dezala zer ari den pasatzen, eta jakin dezala ez dagoela bakarrik. Aldi berean, abokatuekin hitz egiten ere ari gara, jasotzen ari garen Uraren Agentziaren eskutitz horiei guztiek erantzun bera emateko. Aldi berean, udaletan ere ari gara lanean, ea zerbait egiterik badugun. Udalek ere presiona ditzakete alderdi politikoak edo Eusko Jaurlaritza. Orain, irail bukaeran edo urri hasieran Koordinazio Taldearen bigarren bilera egingo dugu, ikusteko zein puntutan gauden eta erabakitzeko hurrengo pausoak zeintzuk izango diren. Azken helburua da Eusko Jaurlaritzaren agindua aldaraztea eta kontagailuak eta kanona kentzea. Baina hau triatloi bat da eta pausoz pauso joan behar dugu. 

Adibidez, Uraren Agentziak bere webgunean Estimazio objektiboko sistema izeneko dokumentu bat dauka. Dokumentu hori hitzezko konpromiso moduko bat da, hitzez sinatutako dokumentu bat, eta hori sinatzen duenak konpromisoa hartzen du urtean hainbeste litro ur baino gehiago ez erabiltzeko. Norbere hitzarekin sinatutako dokumentua da, eta hori erabiltzea baimenduta dauka Uraren Agentziak. Eusko Jaurlaritzaren aginduan esaten dute baimendu dezaketela dokumentu hori erabiltzea arrazoi edo argumentu solido batzuk baldin badaude; hortaz, pentsatzen ari gara hortik bideratu genezakeela gure eskaera. Jaurlaritzaren agindua bera ezin badugu aldatu, ba, akaso, eska dezakegu Gipuzkoan, hemengo orografiarengatik, aldapengatik, zailtasunengatik… salbuespena ezarri eta kontagailuak jarri barik eskatzea erabil dezatela Estimazio objektiboko sistema.

Baina hor kanonaren kontua airean geratuko litzateke…

Salbuespen egoera ezarrita, kanonetik ere salbuetsita egotea eskatuko genuke Gipuzkoan. Kanona, berez, ezin da kendu, beste esparru batzuetan aplikatu egiten delako; industrian, adibidez. Guk eskatuko genukeena da salbuetsita gelditzea.  

Salbuetsita; izan ere, mendiko ur horiek baserritarrek eurek atera, bideratu eta zaindu izan dituzte mendeetan, ala?

Bai; jatorrian ahaztu egiten zaie baserritar askok ura dugula gure guraso, aitona-amonek… iturburuak martxan jarri zituztelako; deposituak, tutuak, mantentzea… Dena norberak egin du bere poltsikotik ordainduta, bere lan-kargarekin. Gure lanari eta diruari esker dugu baserritarrok ura; eta orain datoz esatera kobratu eta kontrolatu egin behar gaituztela, nahiz eta sekula ez diguten lagundu.

Gipuzkoan kezka da nagusi; Araban, berriz, konformidade handiagoa dago; zergatik?

Sindikatu moduan Arabako UAGA sindikatuarekin lankidetza dugu. Kontatu digutenez, han kanonaren inguruan ibili ziren borrokan. Hori lehenesten du sindikatuak, ze Araban, batik bat, zerealak lantzen dituzte, ur kantitate handiak behar dituzte, eta askok kontagailuak ja jarrita dituzte, kontrol propioak ere behar dituztelako. Baina etsita ikusi ditugu. Eta Bizkaian uren kontua ez dago modu berean jarrita, baina hango errealitatea ez dugu guztiz ezagutzen, eta eurekin kontaktatzen ari gara, aztertze-fasean, eta horregatik erabaki dugu indarra, batik bat, Gipuzkoan jartzea. 

Beste leku batzuetan zelan ari dira urak neurtzeko Europako agindua betetzeko bidea egiten?

Gu COAG nekazaritza-erakundean gaude; eurek pasatutako informazioaren arabera, Asturiasen, Kantabrian eta Galizian-eta ez dabiltza horrelako gauzarik eskatzen, Nafarroan ere ez… Printzipioz, ez dute Eusko Jaurlaritzaren interpretazio bera egin, orain arte dugun informazioaren arabera, behintzat.

Soraluzeko batzarrean azaleratu zen beste kezketako/nahietako bat izan zen ura izateko eskubidea oinarrizko eskubidea dela, eta hori, gaur egun, administrazioak ez duela bermatzen baserri askotan. Hori ere landuko duzue?

Bigarren fase batean landuko genuke. Adibidez, zenbateraino legeak behartzen dituen udalak ura landa-eremura eramatera. Gai politikoa ere bada. Herri batzuetan kontzientzia handiagoa dute eta eramaten dute ura; beste batzuetan, ez… Argi dagoena da arazo estruktural handi bat dagoela atzean, ur edangarria ez delako iristen toki guztietara. Estruktura hori dena aldatzea, instalazioak jartzea… egundoko inbertsioa da. Dirutza pagatu beharko luke Gobernuak. Hori ere esaten diegu agintariei, gaur egun diru hori guztia aurrezten ari direla guri esker. Egokiena litzateke ur edangarria iristea toki guztietara eta inbertsio hori Gobernuak egitea, baina badakigu arazo handia dela, beti egon den arazo bat dela eta ez dutela konponbidea egun batetik bestera jarriko.

Besterik nahi baduzu gaineratu…

Animatu nahiko genuke jendea gai honetan parte hartzera; guztion artean egin behar dugu indarra. Edozein arazo/zalantza izanez gero, berriz, lasai dei dezatela sindikatura. Ahoz ahoko lan hori egin behar dugu, ikusarazteko ez gaudela bakarrik; guztiak gaude haserre eta gai honi ondo eusten badiogu eta guztion artean lana ondo egiten badugu, ziur zerbait aldatzeko aukera edukiko dugula, baina guztion arteko lana behar da, guztion indarra behar dugu. Ez dugu ezer baztertzen, mobilizazioak, sinadura bilketa… 

Gai honi eutsi behar diogu buru-belarri, eta landa-eremuko bizilagun eta baserritar guztiak animatzen ditut parte hartzera. Zerbait lortzeko itxaropena badugu, baina garrantzitsua da denok elkarrekin lan egitea.