Geoparkeen Sareko XI. Jardunaldi Irekietarako izen-ematea, beteta

Izaro Aulestiarte Lete

Urriaren 7tik 8ra bitartean egingo dira jardunaldiak. Bezperan, Sareko geoparkeetatik etorritako 30 alkatek eta Geoparkeko ordezkariek bilkura egingo dute Deban.

Urriaren 7an eta 8an, Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen XI. Jardunaldi Irekiak egingo dituzte Euskal Kostaldeko Geoparkean. Eta, antolatzaileek azaldu dutenez, izen-ematea itxita dago jadanik, topaketetan parte-hartze handia lortu dutelako: "Geoparkearen antolakuntzak biziki eskertzen du jendeak erakutsi duen interes handia, edizio honetarako aurreikusitako bertaratze kupoa aldez aurretik osatzea ahalbidetu baitu". 

Bi egunez, dozenaka profesional bilduko dira inguruotan, ondarearen interpretazioaz eta komunikazioaz hausnartzeko. Garena kontatu: geoparke bat komunikatu eta interpretatu lelopean, hitzaldiak, landa-irteerak eta beste zenbait ekitaldi bilduko ditu egitarauak; xehetasun guztiak geoparkea.eus webgunean daude ikusgai.

Jardunaldien bezperan, hilaren 6an, 13:00etan, Espainiako Estatuko zein Euskal Herriko geoparkeetatik etorritako 30 alkateei ongietorria egingo diete Debako udaletxean. Bilkuran, aurrera begira dituzten erronkei buruz hausnartuko dute geoparkeko ordezkari politikoek. Aurreratu dutenez, bertan izango dira, besteak beste, Mutrikuko alkate eta Geoparkeko lehendakari Ainhize Azpiazu, nahiz Alazne Txurruka eta Iñaki Ostolaza, Debako eta Zumaiako alkateak, hurrenez hurren.