Zer da plasma eta zertarako erabiltzen da?
Odolaren osagairik arinena da plasma. Hiru osagai bereizten ditugu odoletik: globulu gorriak –hematieak–, plaketak eta plasma. Globulu gorriek gasak garraiatzeko funtzioa dute: O2 eramaten dute biriketatik ehunetara eta CO2 ehunetatik biriketara, deuseztatzeko. Globulu gorriak 4 gradu zentigradutan gordetzen dira, eta 42 egun irauten dute. Anemietan, gaixotasun kronikoen tratamenduetan, ebakuntzetan, istripuetan eta odol asko galdu den erditzeetan erabiltzen dira, adibidez. Plaketak, berriz, bizitza laburrena duten odol osagaiak dira; 5-7 egun, gehienez. Funtzio koagulatzailea dute, eta eransgarri gisa jarduten dute arteriei, zainei eta kapilarrei eragiten dieten zauri edo lesioen kasuan. Kimioterapian, erradioterapian eta halakoetan erabiltzen dira, bereziki; plaketen transfusioarekin bakarrik lehengoratzen diren gaixotasunen tratamenduetan, alegia. Plasma, berriz, hemoderibatuak sortzeko erabiltzen da, batez ere. 70 kiloko pertsona batek bost odol litro inguru ditu eta horietatik hiru plasma dira. Plasma hori bereizten denean -30 gradu zentigradutara izozten dute eta gehienez hiru urte iraun dezake. Esan bezala, tratamendu bereziak sortzeko erabiltzen da, eta hiru dira plasmatik sortzen diren odol deribatuak: albumina –ehunetara hormonak eta sendagaiak garraiatzen dituen proteina–, immunoglobulinak –infekzioetatik defendatzeko eta babesteko– eta koagulazio-faktoreak –zauria dagoenean odoljarioa eteteko ardura dute–. Espainian Grifols farmazia-enpresak dauka plasmaren inguruko monopolioa.
Farmazia-industria eta monopolioa. Ez dakit, ba, lagun onak diren.
Estatuan Grifolsek dauka plasmatik eratorritako sendagaiak eta produktu terapeutikoak sortzeko monopolioa. Plasma, baina, finitua da, eta Europan ez da bertarako beste sortzen. Horregatik, Ameriketatik inportatzen dute, han saldu egiten duelako jendeak. Europan urtean 24 aldiz eman daiteke, gehienez, eta AEBetan, 100 aldiz. Europan falta handia daukagu, eta, horregatik, duela hiru-lau urte erabaki zen autonomia estrategikoa lortzera egin behar genuela.
Zer esan nahi du autonomia estrategikoak?
Sendatzeko, immunoglobulina ezinbestean behar duten gaixoentzako adina plasma hemen biltzea. Immunoglobulina behar izaten duten gaixoak hiru multzotan banatzen ditugu. Nolabait azaltzeko, A, B eta C multzoak izendatuko ditut. Immunoglobulina sartuta sendatu egiten diren gaixoak dira B multzokoak, baina izatez badituztenak beste terapia alternatibo batzuk, nahiz haientzat deserosoagoak diren. C multzokoak dira, berriz, esperimentazio fasean daudenak. Jakin badakigu immunoglobulinak gaixotasun asko sendatzen dituela, eta probatan ari dira pertsona horien gaixotasunen kasuetan baleko ote diren. Beraz, ezinbestean behar dugun hori hemen sortzea da kontua. Eta horretarako ari gara sortzen lekuak jendeak plasma eman dezan.
Nola ateratzen da plasma?
Plasmaferesi teknikaren bidez ateratzen da, odola ematen dugunean sartzen diguten orratzaren parekoarekin. Diferentzia da emailea makina bati lotuta egoten dela. 180 zentimetro kubiko odol ateratzen digute aldiko eta makinak zentrifugatu egiten du odol hori, globulu gorriak, plaketak eta plasma bereizteko. Behin bereizita, globulu gorriak eta plaketak zuzenean gaixoari itzultzen zaizkio, eta plasma garbia apartatu egiten da. 30-40 minutuko denboran lau bat aldiz errepikatzen da ziklo hori, eta 600 eta 750 ml plasma artean ateratzen da, garbi. Eta plasma, %90ean ura eta proteina denez, berehala errekuperatzen du emaileak. Hau da, gorputzarentzat ez da kaltegarria plasma ematea, eta, horregatik, hilean behin eta urtean hamabi aldiz ere erraz eman daiteke.
Gertatu izan zaigu: odola ematera joan eta burdina justu izateagatik eman ezin izatea. Plasma zeinek eman dezake eta zer baldintzatan?
Bai. Hori ez da plasma ematean gertatzen; orokorrean, burdina arazo horiek dituenak ere eman dezake, ez zaiolako globulu gorririk kentzen. Hala ere, egia da burdina beti oso baxu izaten duen pertsonarentzat ez dela gomendagarria, odola zentrifugatzeko zirkuitu horretan globulu gorri batzuk kaltetu daitezkeelako. Plasma emaile izateko baldintza nagusia osasun ona izatea da. Beste baldintzak hauek dira: 18 eta 65 urte artekoa izatea eta 50 kilo baino gehiago pisatzea. Hori bai, gehienez ere bolumenaren %15 atera dakioke plasma emaileari, eta, prozesua bera oso garestia denez, betiere hobe da pertsona sasoikoa eta sendoa izatea emailea, ateratze bakar batean gehiago atera ahalko zaiolako. Txanda hartzeko: donantesdesangre.eus.
Aipa dezagun SoHo araudia, zeinak debekatzen duen dohaintza emailearentzat pizgarri ekonomiko edo komertzial bihurtzea.
Funtsezkoa da hori. Giza jatorrizko substantzia guztiei aplikatu nahi zaie hori. Begira, Europan Txekian ateratzen dute plasma gehien. Enpresa pribatu batek ateratzen du eta diru bat jasotzen dute emaileek trukean. Baina industria horrek saldu egiten du, eta arriskua dago hor, betikoa: herrialde pobretuagoetan eman eta aberatsagoetan jasotzekoa.
Ander Zulaika: "Eskerrak ematen dizkiet odol eta plasma emaileei"
Urteetan medikua zein zuen jakin gabe bizitzetik ospitaletik ez irtetera pasatu zen duela zazpi bat urte Ander Zulaika (Mendaro, 1982). Bizitza osasuntsua zeraman, eta kirol asko egiten zuen, baina sartu zitzaien gripea etxean eta pneumonia garatu zuen. Hor aldatu zen dena. "Bronkitis bat eta sei bat pneumonia izan nituen hiru bat urtean; azkeneko biak, bilateralak. Ez sinistekoa zen nire adineko batengan, eta medikuak eurak ere harrituta zeuden. Jaikitzen nintzen goiz batean lanerako inolako sintomarik gabe, eta goiz erdirako hasten nintzen bizkarraldean mina sumatzen. Sukar-hamarren batzuk izaten ziren gero, eta hanken gainean egon ezina. Ospitalera joan, plakak egin eta han agertzen zen beti ditxosozko orbana birikan. Lehenengo aldian, tira, baina gero, hainbeste alditan errepikatu zen, hondoa jota ibili nintzen luzaroan. Tarte hartan urdaileko min handiak ere izaten nituen, eta gertatu zitzaidan zauriren bat egin eta luzaroan itxi ezinda ibiltzea ere".
Bi-hiru urtean mediku espezialista guztiek ikusi zuten, baina emaitzetan ez zen ezer arrarorik agertzen. "Nerea Andres medikuak jarri ninduen sendatzeko bidean. Immunologoarengana bideratu ninduen, Donostiara, Alvaro Prada doktorearengana, eta hark argitu zidan immunoeskasia bat nuela. Behingoz jakin nuen izena! Pradak azaldu zidan nire immunitate-sistemak ez zuela ni babesteko behar beste osagai, baina lasaitu egin ninduen esanez ez zela gaixotasun autoimmune bat; alegia, ez zela nire immunitate-sistema nire gorputzeko zelula osasuntsuei eraso egiten ziena. Esan zidan: 'Soldaduak dituzu, ondo lan egiten dute, baina darabilten armek ez dute behar besteko indarrik'. Immunoglobulina klase bat daukat justutxo. Geroztik, hilero-hilero egun erdi bat ingresatzen naute, tratamendua hartzeko, eta, horri esker, oso ondo nago. Horregatik, eskerrak ematen dizkiet odol emaileei eta plasma emaileei, haiei esker daukadalako tratamendua eta haiei esker nagoelako osasuntsu".
Ander Soraluze: "Hutsa kostatzen da ematea, eta askori egiten die on"
2014an egin zen odol emaile Ander Soraluze (Elgoibar, 1979), eta, geroztik, aldiro-aldiro ematen du odola. Plasma ere eman du, behin, Eibarko Ospitalean, eta hartua du bigarrengoz joateko ordua ere. "Lantokian bertan eman nuen estreinakoz odola, 2014an. Arrasateko unibertsitatean dihardut lanean, eta odol emaileen autobusa etortzen da hara. Aurrez ere pentsatua nuen eman behar nuela, baina autobusa parera etorri zitzaidanean ez nuen bi aldiz pentsatu. Ez neukan aitzakiarik. Odola ematea ez da lana, ez da batere mingarria, eta odol horrek pertsona askori lagundu diezaieke. Laguntzearren ematen dut odola", esan du. Aitortu du odola emateaz gainera odol emaile berriak lortzeko saiakeran ere ibili izan dela. "Ibiltzen naiz jendeari esaten, eta badakit inoiz lagunen bat joan dela odola ematera. Ez dakit itzuli den, baina nik denei esango nieke gauza bera: ez dela ezer kostatzen, mokadua eginda irteten zarela handik eta, gainera, norbaitek eskertuko diola keinua".
Odola ematera joan zen aldi batean ikusi zuen Soraluzek plasma emateko zentroen inguruko iragarkia. Irakurri eta berehala idatzi zuen txanda hartzeko. "Dena izan zen erraztasuna". Uztailerako eman zioten txanda. Prozesua odola ematearen antzekoa dela dio: "Lehenengo aldia zenez, galdera mordoxka bat egin zizkidaten lehenengo, eta gero, makinara lotu ninduten. 40 bat minutuan egongo nintzen han, eta ez nuen ezer sentitu. Han bertan azaldu zidaten prozesua, eta oso erosoa iruditu zitzaidan. Horregatik animatu nahi nituzke denak ematera. Hutsa kostatzen da, eta jende askori egiten dio on".