Martxan da udaltzaingo zerbitzu berria Itziarren, abendura arteko probaldi-epean

Izaro Aulestiarte Lete

Zerbitzua udaltzain batek ematen du, aste barruan, astelehenetik ostiralera.

Itziarren udaltzaingo zerbitzu berria jarri du martxan Debako Udalak, herritarrei arreta hurbilagoa eskaintzeko eta inguruko zaintza indartzeko helburuarekin. Zehaztu dutenez, zerbitzua joan den irailaren 19an abiatu zuten, eta abenduaren 18ra arte egongo da indarrean, hiru hilabeteko probaldian.

Ordura arte, udaltzain bat Itziarren ariko da lanean egunerokoan, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:15era. Herrigunea ez ezik, landa-eremua eta industrialdea ere hartzen ditu bere jarduketa-eremuak. Hortaz, bere egitekoen artean egongo dira landa-eremua eta industrialdea zaintzea, baita eskolako sarrera eta irteerak zaintzea eta herri-bideak ikuskatzea ere. Era berean, pinu egurraren erauzketaren kontrola eta bide publikoko erreserben jarraipena egingo du.

Udalak jakinarazi du polizia administratiboaren zenbait eginkizun ere bere gain hartuko dituela agenteak, eta laguntza eman beharko duela Itziarren antolatzen diren kultur eta kirol ekitaldietan. Horrez gain, herritarren salaketa penalak ere jaso ahal izango ditu, Toki Entitate Txikiaren bulegoko bigarren solairuan –aldez aurretik hitzordua eskatuta, betiere–.

Udaltzainekin harremanetan jartzeko edota edozein zalantza argitzeko, herritarrek 943 60 80 40 telefono zenbakira deitu dezaketela gogorarazi dute.

Hiru hilabeteko probaldia

Hasieran behintzat, zerbitzua proban egongo da hiru hilabetez. Behin probaldi hori amaituta, Udal Gobernuak zerbitzuaren funtzionamendua eta epe horretan lortutako emaitzak aztertuko ditu eta, azaldu dutenez, orduan hartuko dute udaltzaingo zerbitzuaren jarraipenari eta antolaketari dagokion erabakia.

Alazne Txurruka Debako alkateak zerbitzu berriaren garrantzia azpimarratu du: "Itziarko herritarrei udal-zerbitzu hurbilagoa eskaintzeko urrats garrantzitsua da. Udaltzain bat bertan egoteak eguneroko beharrei modu zuzenagoan erantzuteko eta prebentzioa zein herritarren arreta indartzeko aukera emango digu".