Gaur eguerdian, hilak 6, Deban egin dute Espainiako Geoparkeen Sarearen XI. Jardunaldi Irekien bezperako ekitaldi instituzionala. Azaldu dutenez, jardunaldiak egin aurretik horrelako ekitaldi bat antolatzen duten lehen aldia da, eta gaurko topaketak esperientziak partekatzeko, lurraldeen arteko harremanak sendotzeko eta ondarearen kudeaketari eta zabalkundeari lotutako erronka komunak aztertzeko balio izan duela nabarmendu dute.
Ekitaldian, Espainiako Estatuko zein Euskal Herriko zortzi geoparketatik etorritako ordezkariak bildu dira. Bertan izan dira, adibidez, Mutrikuko alkate eta Geoparkeko lehendakari Ainhize Azpiazu eta Alazne Txurruka eta Iñaki Ostolaza; Debako eta Zumaiako alkateak, hurrenez hurren. Euskal Kostaldeko Geoparkea ez ezik, Maestrazgo, Volcanes de Calatrava, Costa Quebrada, Catalunya Central, Villuercas-Ibores-Jara, Cabo Ortegal eta Granada ere ordezkatuta egon dira bilkuran.
Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideek nabarmendu bezala, "geoparkeek dituzten erronken eta beharren inguruan hitz egin dute banan-banan ekitaldian, eta sare gisa elkarrekin, indarrak batuta, gobernantzan eta zeharkakotasunean sakontzeko beharra azpimarratu dute ordezkariek. Estatu mailako sare gisa, errekonozimendua eta ikusgarritasuna dira erronka nagusiak".
Bi eguneko egitaraua aurretik
Gaur Deban egindako topaketaren ondoren, bihar (urriak 7) emango diete hasiera Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen XI. Jardunaldi Irekiei. Bi egunez dozenaka profesional bilduko dira inguruotan, ondarearen interpretazioaz eta komunikazioaz hausnartzeko. Garena kontatu: geoparke bat interpretatu eta komunikatu lelopean, hitzaldiak, landa-irteerak eta beste zenbait ekitaldi bilduko ditu egitarauak; xehetasun guztiak geoparkea.eus webgunean daude ikusgai.