Gernika-Palestina plataformako kideek prentsaurrekoa egin zuten atzo, hilak 6, Bilboko udaletxean, eta orduan eman zituzten biharko (urriaren 8ko) mobilizazio deialdien inguruko azalpenak. Plataformako kideek alboan izan zituzten deialdi horiekin bat egin duten alderdi politikoen, sindikatuen eta beste kolektibo batzuen ordezkariak ere, eta herritarrei dei egin zieten bihar Gernikaren herritik, genozidiorik ez! gerrarik ez! aldarria kalera eramateko.
Gernika-Palestinak gogora ekarri zuen hiru urte ondoren, "egoera okerrera" doala Palestinan eta, "oro har, munduan zehar". "Genozidioa eta horrek dakarren des-humanizazio forma guztiak nagusitzen ari dira eta ezin dugu inondik inora egoera tamalgarri hau normalizatu: gosea gerra arma gisa baliatzea, lurraldea inpunitate osoz berenganatzea".
Elkarteak, halaber, azpimarratu zuen Israelgo ejerzitoak "Gazaren %60a baino gehiago berenganatua" duela, eta iazko urriko su eten adostutik "ia 1.300 pertsona erail" dituela. "Horietatik 270 haurrak dira, eta 8.000 gorpu errekuperatu ezinik daude Gazan".
Egoeraren larritasunaren aurrean, elkarretaratze herritarrak egingo dira bihar, urriak 8, 19:00etan: “Euskal Herriko ahalik eta udaletxe gehienen aurrean egingo ditugu mobilizazioak". Mahaigaineratzen ari den ordena mundial "berriaren" aurrean, irtenbidea "elkarrizketan, negoziazioan eta konponbide politikoan" datzala azpimarratu dute: "Gerra ezin da izan ezeren irtenbidea. Euskal Herrian gerraren aurka antolatu eta saretu behar gara, hori izan behar da orain geure lehentasuna".
Deialdiarekin bat eginez, Debabarreneko herrietan ere izango dira kontzentrazioak, 19:00etan, udaletxeen aurrean: Mallabian, Ermuan, Eibarren, Soraluzen, Elgoibarren, Deban eta Mutrikun.