Euskal Kostaldeko Geoparkean ari dira egiten, atzo eta gaur, Munduko Geoparkeen Estatuko Sarearen XI. Jardunaldi Irekiak, eta antolatzaileak gustura daude, deialdiak "interes handia" piztu duela azpimarratuta.
Bi egunez, ondarearen interpretazioaren eta komunikazioaren inguruan hausnartzen eta esperientziak partekatzen dihardute Espainiako Estatuko eta Euskal Herriko hemezortzi geoparkeetako ordezkariak, tokiko zein kanpoko elkarte, enpresa eta norbanakoekin batera. Garena kontatu: geoparke bat komunikatu eta interpretatu gaiaren bueltan ardaztu da egitaraua. "Oso emaitza interesgarriekin", gainera, antolatzaileen esanetan.
Aurrez, baina, hilaren 6an, asteartez, harrera ekitaldi instituzionala egin zuten Deban; bilkuran, zortzi geoparketatik etorritako alkateak eta ordezkariak bildu ziren. Bertan zeuden, adibidez, Mutrikuko alkate eta Geoparkeko lehendakari Ainhize Azpiazu eta Alazne Txurruka eta Iñaki Ostolaza, Debako eta Zumaiako alkateak. Euskal Kostaldeko Geoparkea ez ezik, Maestrazgo, Volcanes de Calatrava, Costa Quebrada, Catalunya Central, Villuercas-Ibores-Jara, Cabo Ortegal eta Granada ere ordezkatuta egon ziren ekitaldian. Azaldu dutenez, lehen aldiz antolatu dute bilkura hori: "Alkateen artean hausnarketa eragitea izan da helburua, datozen erronkei aurre egiteko jarrera bateratua adosteko eta, horrenbestez, jardunaldien eremu teknikoaz harago iristeko".
Atzo, hilaren 7an, erakundeen irekiera ofizialarekin hasi zuten egitaraua, Zumaian, eta, ondoren, Lurraren Historiaren irakurketa jarraitua egin zuten; Espainiako Estatuko hemezortzi geoparkeek denbora-lerro geologikoa osatu zuten jendaurrean. Lurraren historiaren dibulgazioa eta interpretazioa nola gauzatzen den aztertu zuten jarraian, mahai-inguruetan. Azkenik, Euskal Kostaldeko Geoparkean Interpretazioari aplikatutako neuromarketin-ikerketaren ondorioak azaldu zituzten. Gaur, berriz, landa-irteera egiten ari dira, Debako Historiaurreko Bailara eta Mutrikuko erdigune historikoa zein bertako frontoia eta zesta-punta ezagutzeko.
Datorren urtekoa, Galizian
Bestalde, asteartean, Geoparkeen Sarearen bilera itxian erabaki zuten hurrengo jardunaldien egoitza: Cabo Ortegal geoparkeak hartuko du hamabigarren edizioa.