Atzo, eguena, ehunka debabarrendar elkartu ziren tokian tokiko plazetan edo kaleetan Gazan oraindik orain bizi duten egoera salatzeko. Duela urtebete iragarritako su-etena “su-eten tranpa” izan zela salatu zuten, eta esan "Gazako herritarrek oso ondo" dakitela "genozidioak aurrera jarraitzen duela".
Salatu zuten “saldu” duten “bake” horrek “pertsonak hondakinen azpian harrapatzen jarraitzen” duela, “Israelek Gaza bonbardatzen jarraitzen” duela, “selektiboak” ez diren hilketak, gazatarren etxeen atarian eginez.
"Normalizazioa krimen bat da"
Esan zen ere gazatar umeak izututa bizi direla eta ez dutela etxetik irten nahi eta "gosearen beldurra barneraino sartuta" dutela. “Hainbeste, ezen janari plater bat jasotzen dutenean, ez baitute jaten. Beren kanpadendetara eraman, gorde eta itzultzen dira galdetzera: “Bihar ere izango al da jatekorik?”.
Halaber, egoera horren aurrean isilik ez egoteko ere eskatu zuten; hala egin zuen Soraluzen bizi den Ahmed marokoarrak. “Mundu honetan injustizia baino gauza okerrago bakarra dago, injustizia zure izenean egitea”. Hitz horiekin hasten zen poema baten bitartez, Gazako egoera ez normalizatzeko eskatu zuen, "normalizazioa krimen bat da", esanez.
Marokori begira, berriz, eskatu zuen ere ez saltzeko Palestina Marokoren izenean, "Palestina saldu duenak ez du Marokoren izena goratzeko eskubiderik, Maroko ez da erregimen baten jabetza. Maroko herri baten memoria da, ez agintari baten sinadura".
Eta eskaera batekin bukatu zuen:
"Gauza bakar bat eskatzen dizuet: ez zaitezte konplize izan zuen isiltasunarekin.
Palestina ez delako urruneko kausa bat.
Palestina ispilu bat da.
Eta herri bakoitzak norbere aurpegia ikusten du han: edo biktima, edo konplize".