La Txama taldearen 'Bila-bila' abesti berrian kolaboratu du Sunek

Izaro Aulestiarte/Nerea Bedialauneta

Datorren astean ikusiko du argia Martina Soto musikari debarra kide duen La Txama taldearen bigarren diskoak eta gaur (hilak 9), aurrerapen gisa, 'Bila-bila' izeneko abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Lasturren bertan grabatu dute ikus-entzunezkoa, tokiko Sune abeslariaren eta hamarnaka herritarren parte-hartzearekin.

La Txama taldeak Sunerekin batera grabatu duen Bila-bila single berria aurkeztu du. Abestia dagoeneko entzungai dago plataforma digitaletan eta, hain zuzen ere, kaleratzear duten bigarren disko berriaren aurrerapen kantu bezala aurkeztu dute. Taldeak iragarri duenez, urriaren 16an plazaratuko dute La Txama, Vol. 2 izeneko lana. Aurrez, disko berriko Porrusalda abestia ere estreinatu zuen taldeak primizian, eta haren bideoklipeko zenbait irudi ere Deban bertan grabatu zituzten.

Lasturko irudiak ditu, baina, bertoko Sune musikariaren kolaborazioarekin aurkeztutako Bila-bila abestiaren bideoklipak. Lana Iker Perez eta Miren Gomez Borrokiñe-k ekoiztu eta zuzendu dute, eta inguruotako herritar ugarik parte hartu dute bertan. Besteak beste, partaideen zerrendan ageri dira La Txama taldeko kide den Martina Soto debarraren gertuko senide eta lagunak, Maitane Beristain Lasturko tabernako arduraduna eta bertoko langileak, nahiz tokiko hogeita hamar bat dantzari gazte eta heldu.