Gaurko uxaldia berezia izango da, helburu nagusia duela astebete Karakaterako errepidean emakume bat erasotu zuen basurdea ehizatzea izango da eta. Horretarako, basurdeen uxaldiak antolatzeko baimena duen Bergarako ehiztari taldea etorri da Soraluzera, Gipuzkoako Foru Aldundiak baimendutako uxaldia burutzera. Uxaldian Soraluzeko ehiztariek ere parte hartuko dute.
Uxaldia egingo duten kokagune zehatza jakinarazi ez badute ere, ehiztariek ziurtatu dute "behar bezain ondo" seinalizatuko dutela inguruan dabiltzan herritar guztiek jakin dezaten non diharduten uxaldia burutzen.