Aurtengo udan, beroa eta prezipitazio eskasia izan dira nagusi Euskal Herrian, baita Debabarrenean ere. Altzolako (Elgoibar) estazio meteorologikoan jasotako datuen arabera, aurten, maiatzetik irailera bitartean iaz baino %40 euri gutxiago egin du.
Urtegiei dagokienez, Soraluze, Eibar eta Ermua hornitzen dituzten Urkulu eta Aixolako urtegiak egoera onean izan dira abuztuan, %70 eta %75eko betetze-mailarekin. Elgoibar. Mendaro, Deba eta Mutriku hornitzen dituen Kilimongo akuiferoan ere ez da hornikuntza arazorik izan.
Lehorteak inguru naturalean eragin ditu kalteak, mendietan eta ibaietan, haietan ur-eskasiaren ondorioak larriak izan dira. Mendietan larreak lehortu egin dira, eta zuhaitz asko, ihartu. Ibaietan ere hilabeteotan ur-emaria nabarmen jaitsi da.
Jarduera ekonomikoari dagokionez, lehen sektorea izan da sektorerik kaltetuena. Hala kontatu diote BARRENAri Eibarren, Elgoibarren eta Deban abeltzaintzan, baratzegintzan eta sagastiekin lanean diharduten hiru herritarrek.
Belarrik ez larreetan
Jol Igartua abeltzainak haragitarako 60 bat abelburu ditu Eibarko Mandiola auzoan duten ganadutegian. Igartuak kontatu duenez, uda honetan, lehortearen eraginez, "lanak bikoiztu eta gastuak handitu egin" zaizkie.
Uda hasieran izan ziren tenperatura altuen eraginez, "larreetako belarrak erre egin ziren eta uztailerako amaitu egin zen jatekoa mendian". Ondorioz, titiko txahalak ohikoa baino askozaz lehenago erretiratu behar izan zituzten kortara, eta behiak ere bai beheko larreetara, han pentsua eta belar-bolak emateko.
Egoera horrek lanak handitu dizkie ganadutegian. "Sasoi honetan, mendiko itxiturak konpontzen eta sasiak garbitzen ibili behar genuke, baina, horren ordez, goiza ganaduari jaten ematen igarotzen dugu. Normalean, 90 egun inguru ematen ditugu belar-bolak ematen, eta aurten 200 egunera joango gara", jakinarazi du Igartuak. Ondorioz, hilabeteotako gastuek gora egin dute.
Gustura hartu dituzte egunotako euriak, baina badute kezka, euri asko eginez gero larreak lokaztu egingo direlako.
Uzta urriagoa baratzean
Miriam Arrizabalagak barazki ekologikoak ekoizten ditu Itziarko Doniene Haundi baserrian. Lehortearen eraginez, lanak eta gastuak handitu eta uzta urritu zaiela adierazi du. "Maiatzean hasi ziren muturreko giroak: lehen bi asteetan, negu giroa; eta, ondoren, uda betea. Ordutik, apenas egin duen euririk urrira arte".
Ur hornidurarekin arazoak izan dituzte. "Baserria gain batean dago eta depositua erabiltzen dugu ura ponpatu eta gordetzeko. Momentu batetik aurrera gutxiago ureztatu behar izan dugu, elektrizitatearen kostuak gora egin duelako nabarmen".
Laboreei dagokienez, kalteak esanguratsuak izan dira: "Berotegiko tomateak ez dira ondo etorri, sanjuanetako bero handiak erre egin zituelako. Goizeko patata ongi etorri zen, baina berandukoak apenas eman duen, eta kipula-buruak ere ez dira ondo hazi. Kalabazek, berriz, gau tropikalen ondorioz, uzta eskasago eman dute".
Arrizabalagak ohartarazi duenez, lehortearen ondorioak ez dira berehala desagertuko. "Orain, jendeak pentsa lezake: 'Euria egin du eta arazoa konpondu da!'. Ez da horrela. Lehortearen ondorioak ez dira desagertuko datorren udaberrira arte".
Bestalde, gogo onez jaso ditu erakundeek iragarri dituzten laguntzak, baina haren kezka nagusia etorkizuna da: "Ez da egiten lanketarik etorkizunean antzeko egoerei aurre egiteko, eta horrek kezkatzen nau".
Sagarrondoek, sagarra bota
Asier Lizarraldek sagar ekologikoekin egindako produktuak ekoizten ditu Elgoibarko Lizagasar Sagartokixan, eta Biolur Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteko presidente da. Etxean dozenaka sagarrondo ditu eta inguruko herrietako hainbat sagasti ere ezagutzen ditu. Dioenez, aurtengo udan sagarrondoek ezohiko jarrera izan dute: "Sagarrondo askok, batez ere, zaharrenek, aleak bota dituzte, autobabeserako mekanismoa moduan, ikusi dutelako ez zirela gai eusteko".
Lizarraldek azaldu duenez, aurten ebaki gabe laga zituen sagarrondoetako belarrak, eta, horri esker, sagarrondoek hobeto eutsi diote lehorteari: "Belarrak lagundu du sagastian hezetasun erlatiboa mantentzen, eta gurean uzta iazkoa baino hobea izan da".
Ez dator bat zuhaitzak lehortearen aurrean zuhaitzak tantaka bidez ureztatzea gomendatzen dutenekin: "Zuhaitzak pertsonen modukoak dira, ohitzen badituzu errazera, gero garai zailak datozenean ez dute egokitzeko gaitasunik. Nik nahiago dut pentsatzea zelan prestatu eta ohitu zuhaitzak estres egoeran bizitzera".
Elgoibartarraren ustez, gakoa "hezetasunari eustea da, eta, horretarako, itzala behar dugu, bai mendietan, bai baratzean eta baita herriguneetan ere. Nik sagastirako sistema egokien bila dihardut". Baikorra da. "Klima aldatu egin da eta egoera berrira egokitu beharra daukagu, beldurrik gabe. Hori egiten badugu bertan eta eskura dauzkagun baliabideekin, ondo moldatuko gara", amaitu du.
Lizagasarrekoek, oraindik ere, sagarrak batzen dihardute beste herri batzuetako sagastietan, eta Lizarralde baikor da aurtengo emaitzarekin. Aurten ere espero du ailegatzea 40 tona sagar batzera.