Hitzarmen kolektibo berria sinatu dute Avanza enpresako langileek

Ubane Madera Zangitu

Autobusa Soraluzeko zubiko geltokian, gaur goizean, martitzena.

Gipuzkoa Avanza Movilidad enpresako langileek hitzarmen kolektibo berria sinatzea onartu dute, plantillaren gehiengo zabalaren babesarekin. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak. Gaineratu duenez, akordioari esker, amaiera eman zaio sei urteko negoziazioari, 26 greba egun tarteko.

Honako hobekuntzak lortu izana nabarmendu du ELA sindikatuak:

  • Urteko 1.592 orduko lanaldia eta “toma y deje” hurrengo lizitazioan benetako lan-denbora izateko konpromisoa.
  • Erretiro partzialerako errelebo-kontratu mugagabeak.
  • Inaplikazioak ezabatzea.
  • Aldi baterako langileentzako lan-poltsa sortzea, haien egoera erregularizatu eta argitzeko aukera emango duena.
  • Lanaldia 22 orduz murriztea, hitzarmenaren indarraldian geratzen den urte eta erdian.
  • Soldata-igoerak.

ELAren ustez, “hobekuntza horiek are balio handiagoa dute negoziazioaren bilakaera kontuan hartuta”. “Enpresak prekaritate egoerei eustea defendatu du, mutuek bajen kudeaketan esku hartzea proposatu du eta lortutako akordioak aldatzen saiatu da”.

Hori dela-eta, nabarmendu du “26 greba egunak erabakigarriak” izan direla “urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko eta, azkenean, hitzarmenak jasotzen dituen hobekuntzak lortzeko”.