Hala, Elgoibarko Zubi Ondo Xake Elkarteak, Eibarko Klub Deportiboak eta Azkoitiko Anaitasuna Kakute Xake Elkarteak antolatu dute txapelketa, Gipuzkoako Xake Federazioarekin batera. Xakea zonaldean sustatzeko asmoz antolatu dute absolutuen mailako txapelketa, baita kilometro luzeko bidaiak saihesteko asmoz ere.
Joan den urriaren 3an eta 17an jokatu zituzten txapelketako lehen bi jardunaldiak, Azkoitian. Eibarrek hartuko ditu 3., 4. eta 5. txandak: urriaren 24an, 31n eta azaroaren 7an. Eibarko Klub Deportiboak Toribio Etxeberrian duen egoitzan jokatuko dituzte partidak. Azkenik, azken-aurreko eta azken txandak Elgoibarren lehiatuko dituzte, azaroaren 14an eta 21ean, Zubi Ondoren egoitzan (Juan Mugertza kalea, 22).
Hamabi xakelarik eman dute izena, eta Euskadiko absolutuen mailako txapelketarako sailkapena eta diruz emandako sariak izango dituzte jokoan. Lehen txandan Alfonso Gonzalez Charola izan zen onena.