Basalgo zentral eolikoaren proiektuak aurrera segitzen duela salatu dute, “herritarrak eta elkarteak alde batera utzita”

Ubane Madera Zangitu

Soraluze-Eibar-Elgoibarko terrenoetan eraiki asmo duten Basalgo zentral eolikoaren proiektua “opakotasun fase batean sartu” dela salatu du Eibarko Mendiak Bizirik elkarteak. Diotenez, abuztuan, “birformulatutako proiektua” aurkeztu zion Jaurlaritzari zentrala eraiki nahi duen Arena Power enpresak. Baina, dokumentazio hori ez zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta ondorioz, “hasierako proiektuari alegazioak aurkeztu zizkioten herritar gehien-gehienak birformulatutako proiektuari buruzko zuzeneko informaziorik gabe eta honi alegazioak aurkezteko aukerarik gabe utzi ditu”.

Eibarko Mendiak Bizirik elkarteak esplikatu duenez, birformulatutako proiektuaren berri “elkarte eta erakunde kopuru oso mugatu batek baino ez zuten jaso; Administrazioak «interesduntzat» jo dituenak”.

Horren aurrean, azken asteotan, Industria Sailari eskatu diote jatorrizko proiektuari alegazioak aurkeztu zituzten pertsona eta elkarte asko interesduntzat jotzeko, hartara, denek izan dezaten informazio berria eskuratu zein birformulatutako proiektuari alegazioak aurkezteko aukera.

Baserri-jabeak, elkarteak bera…

Baina kontatu dutenez, “kasu batzuetan ez dute erantzunik jaso; beste batzuetan, egoera hori egiaztatzen duen dokumentazioa eskatu zaie, baina aurkeztu ondoren ere ez zaie erantzunik eman”. Eibarko elkartearen arabera, horien artean daude inguruko lau baserriren jabeak eta baita Eibarko Mendiak Bizirik elkartea bera ere, “prozesutik kanpo, proiektuak zuzenean kaltetutako lursail propioak eta zaintzapean dituen arren”.

Eta salatu dute ere Eibarko Udalaren alegazio-epea bost egunez bakarrik luzatu dutela, “legez hamabost izan zitezkeen arren, eta epea datorren astean amaitzeak herritarren eta elkarteen kezka areagotu dute, beren eskubideak galtzeko beldur baitira”.

Legez derrigorrez

Egoera horren aurrean, gogora ekarri dute “legeak informazio publiko berria eta kontsultak” aurreikusten dituela “horrelako proiektu bati egindako aldaketek hasieran aurreikusitakoez bestelako ingurumen-ondorio esanguratsuak eragiten badituzte”. Diote horixe dela Basalgo zentral eolikoaren kasua, proiektu berrian hasieran aurreikusitako sei aerosorgailuetako bat desagertzeaz aparte, “beste biren kokapena lekualdatu” egin baitute, eta diotenez, “horietako bat San Salbatore ermitatik oso gertu geratuko litzatekee”.

Eskaera Industria Sailari

Horregatik guztiagatik Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eskatu diote “prozedura publikoa egitea, herritar guztien parte-hartzea ahalbidetuz; eta gainerako administrazioei, beharrezkoa izanez gero, kudeaketa publikoari eska dakiokeen gardentasunaren alde esku har dezaten”.