Elkarrizketa

Amorante: "Orbita berean segitzen dut hegaka, betiko izar berei begira"

Ainara Argoitia Arano

Amorante, disko honetarako egindako argazkian. Argazkilaria: Iker Gozategi

Laugarren diskoa argitaratu du Amorantek: Ez dot amaitu. Zortzi kantuko diskoa da, Joanes Buffekin grabatu duena. Benoit Belek egin dizkio masterizazio lanak eta Ramon Zabalegi artistarena da estetika. Hitzak, berriz, bi ez beste guztiak bereak ditu. Beste biak: bata, Mari Luz Estebanena, eta bestea, Gartxot Ursainena. Atzo Elgoibarren aurkeztu zuen diskoa, Pitxintxun, Iñigo Astiz kazetari eta idazleak lagunduta, eta gaur, ostirala, kontzertua emango du Donostian, Viktoria Eugenia klubean -sarrera guztiak saldu dira-.

Euskal kulturgintzaren historian berebiziko garrantzia izan duen mugimendu baten oihartzuna dakar izenburuak, eta zenbait hitzetan ere lan handirik hartu gabe topa daiteke oihartzun hori. Bilatua da? 

Hitz-jolas bat da izenburua. Gustatzen zaizkit halakoak egitea, eta hala egin nuen honen aurreko beste bietan ere: Bat edo hiru jarri nion bati, Mikel Laboaren Bat-hiru diskoa buruan, eta Harri Herri Har da azkena argitara eman nuena. Begi-bistakoa da fonetikoki Ez dok hamahiru neukala buruan diskoari izen hori ematea aukeratu nuenean. Baina kontzeptualki baditu izenburuak beste irakurketa batzuk. Batetik, hainbat adierazpidetako artista askoren aldarrikapen bat dago, nirea ere badena: artelanak ez direla sekula amaitzen. Ez dakit inoiz abesti bat amaitutzat eman dudan, eta, eman badut ere, seguruena ez legoke ondo esatea, kantuek beren bidea egiten dutelako beti, kantaldi bakoitzean beste bizi bat hartzen dutelako. Erreparatu, bestela, nire lehenengo kantetako bati, Manuela-ri. Neuk ere ez dakit zenbat aldatu den eta zein ezberdina den kontzertu batetik bestera. Ez dakit norena den esaldia, baina neure egiten dut: Obra bat ez da sekula amaitzen; obra bat abandonatu egiten da. Esango nuke horrek guztiak biltzen duela nik kantagintza ulertzeko dudan modua.

Diskoaren estetikak berak ere badu horretatik, ala?

Bai. Ramonena da artea, eta nire eskuak ageri dira azalean. Proposamena bidali zidan, eta iruditu zitzaidan oso ondo ezkontzen zela izenburuarekin, bukatu gabeko artelan baten zirriborro antzekoa zelako; iruditu zitzaidan irudiek dena borobiltzen zutela: kantagintza ulertzeko dudan modua, kantuek zuzenean duten bizitza propio eta iheskor hori... 

Musikari jostaria zara, umorea duzuna berezko ezaugarrietan, baina azken lan honetan arduratik ari zara kantuan. Zuri entzuna da arraroa dela zugan kontzeptualki ideia bat landua izatea lanean hasterako, baina hemen badago hari bat oso markatua.

Hitzei erreparatzen badiegu, badaude, bai, letretan kezkatzen nauten gai asko. Aipatzen dira bakardadea, zahartzaroa, familia, odola eta ahaidetzaren pisua, maitasuna, harremanak izateko zailtasunak... Baina, bai, zuk diozuna ere bada: nik ez dut, normalean, aurrez ideia bat pentsatua izaten. Idazten hasten naiz eta iristen naiz portu batzuetara, musikarekin abiatuko banintz, beharbada, iritsiko ez nintzatekeena. Wilko taldeko abeslari Jeff Teedyk idazketa automatikoa esaten dio erabili dudan idazketa motari. How to write one Song (Nola idatzi kantu bat) liburuan Teedyk dio sortzeko nahia dela soinuak esploratzen hasteko pizgarririk onena. Ez dagoela, alegia, aditu izan beharrik. Egin behar dena gehiago dela sormena eguneroko errutinan integratzea. Hau da, modu pasiboan inspirazioa iritsi arte zain egon beharrean, hasteko hitzekin jolasten, hitzak elkarren ondoan jartzen eta josten. Hark dio badagoela barne pultsio halako bat eramaten gaituena koherentzia ematera idazten ari garen horri. Maitasunezkor kantua, adibidez, horrela sortua dago. Ez daukat, zoritxarrez, lo onik, eta, normalean, goiz esnatzen naiz. Halakoetan, idazten hasten naiz. Hitz-jolasak ere asko gustatzen zaizkit, bai soinu aldetik eta bai esanahi aldetik, eta hitzen elkartze libreak erabiltzen ditut. Abestiak sortzeko modu horrek poz handiak ematen dizkit niri.

Hitz egin dezagun estetika musikalaz.

Garrantzi handia ematen diot horri. Ez da zeri kantatzen diodan bakarrik; nola kantatzen diodan ere bada. Nik ez dut, normalean, ideia bat aurrez pentsatua izaten. Kantuak idazteko dudan moduak eramaten nau horra. 52 Hz kantua da diskoko lehena, balea bakartiari eskainitakoa –Whalien 52–. Izan ere, 52 hertzeko ezohiko frekuentzian abesten duen balea mota bakarra da balea bakartia, eta bakardadeaz aritzeko metafora egokia iruditu zitzaidan. Bakardadea hauta dezake norberak, inposatu dezakete besteek, zahartzaroari oso lotua egon daiteke edo ez... Zahartzaroa da beste gai bat. Zahartzaroa ageri da Mari Luz Estebanen Andre zaharraren manifestua-ko poema bat musikatuta sortutako Amaren eskuak kantuan ere, eta bakardadea, Aspaldiko orroak kantuan. Esango nizuke gai asko ukitzen ditudala, baina gai horien ertzek edo erpinek elkar ukitzen dutela. 

"Gai asko ukitzen ditut kantuetan, baina gai horien ertzek edo erpinek elkar ukitzen dute"

Diskoa, akaso, elektronikoagoa da orain artekoak baino?

Nik neuk orbita berean segitzen dut hegaka, betiko izar berei begira, baina egia da hasieran kantuak sortzeko erabiltzen nituen instrumentuak, beharbada, organikoagoak zirela eta orain sintetizadore gehiago erabiltzen ditudala eta, ondorioz, jantzi musikala elektronikoagoa dela. Nik ez dut ikusten, hala ere, aldaketa handirik. Iruditzen zait bilakaera bat dagoela, egotekotan. Dena den, hori bai, esango nuke disko hau eta zuzeneko kontzertu bat inoiz baino gertuago egongo direla elkarrengandik. Izan ere, grabatu ere horrela grabatu dut: zuzeneko bat egiten ari banintz bezala. Katxarro guztiekin azalduko naiz oholtzan, hanka sartzeko baimena aitortuta neure buruari, maite dudalako ikaragarri estetika edo jolas hori.

Zuri buruz esan izan da musika herrikoiaren eragina duzula eta beti defendatu duzula tradizioari traizioa egiteko zilegitasun halako bat. Izan dezake honek ere bietatik.

Uste dut askotariko eraginak ditugula denok, pertsona guztiok: gustatzen zaizkigunen eragina eta baita gustatzen ez zaizkigunena ere. Eta uste dut askotan performatu ere egiten dugula paper bat: zer nahi dugun izan, zer nahi dugun erakutsi... Batzuetan ez dugu norbaiten eragina aitortu nahi izaten, eta beste batzuetan ez ditugu aipatzen, jabetu ere ez garelako egiten daukagunik. 

Musika sortzeari egindako deklarazio bat ere badakarzu diskoan, zure estreinako kantua dena katalanez: Una petita canço. Itzulpenak dio: Ez naiz ona gauza askotan/ uste dut sekula ez naizela saiatu / gustatzen zait pentsatzea / egin dudala zoriontasun espazio txiki bat.

Aurreneko aldia da katalanez sortzen dudala. Asko zor diot herri eta kultura horri, dezentetan jo dut Katalunian, eta, orain ere joatekoa naiz disko berria aurkeztera. Oso hitz sinpleak dira kantu horretakoak, eta laburra da kantua, baina bai, sortzeari egindako maitasun-deklarazio halako bat da; kantagintza ulertzeko dudan modu horretatik abiatuta sortutakoa. Epikak baztertu eta sinplea goresteko asmo bat da. Estetikoki, beharbada, ez du erakusten disko hau zer den, baina bisagrarena egiten du; pausa bat da, arnas une bat, eta erdian jarri banuen ez zen kasualitatez izan. Xabier Zeberiok hari-instrumentuekin egindako jantzi zoragarria dauka kantuak.

Kolaborazioetan bereziena, beharbada, Niño de Elche flamenko kantari ohiarena da. Lehen ere kolaboratu izan du zurekin, baina orain, protagonismo handiagoa hartuta dator.

Joseba Irazoki, Xabier Zeberio, Felix Buff, Niño de Elche, Mari Luz Esteban eta Gartxot Ursain. Diskoan kolaboratu duten guztiak lagunak ditut eta beti izan ditut gertu. Mari Luz Estebanen poema oraindik bera ezagutzen ez nuenean musikatu nuen. Izugarri gustatzen zait haren Andrezaharraren manifestua, eta baimena eskatu nion, behin kantua sortuta. Kantu horri esker lagun handiak gara gaur, eta emanaldi bat ere egiten dugu elkarrekin, aurreko Loraldirako enkarguz sortu genuena. Maitasun erromantikoaren gainbeheraren inguruan sortu dugun manifestu poetiko musikatua da, eta Durangon, Oiartzunen, Arrasaten eta Iruñean ematekoa dugu. Gartxot anaia baten parekoa dut, eta kantu batentzako letra sortzeko eskatu nion. Joseba eta Felix, berriz, aspaldiko lagunak ditut, sarri jo dugu elkarrekin eta beti konpondu gara ondo. Niño del Elche ere aspalditik ezagutzen dut. Nire lehenengo diskoko aurreneko kantuan ere azaltzen da. Oroimena berba errepikatzen du han, eta orain, berriz, ahapaldi oso bat kantatzen du euskaraz Aspaldiko orroak kantuan. Kantua sortu nuenean haren ahotsa entzuten nuen, eta proposatu egin nion. Paco mila proiektutan nahastuta dabil, baina hain da eskuzabala, ezen Donostiara etorri zen baten elkartzeko deitu zidan. Kontziente naiz Pacok izen bat daukala eta euskaraz kantuan jarri izanak are sona handiagoa emango diola kantuari, baina kolaborazio denak dira bereziak eta estimatuak.

"Disko hau eta zuzeneko kontzertu bat inoiz baino gertuago daude elkarrengandik"

Gustura zaude azken emaitzarekin?

Oso. Soinu ikaragarria dauka diskoak. Joanes Buffekin grabatu dut, eta harekin lan egitea ikaragarria izan da. 

Zure kontzertuek badute narratiba bat: hasi kantu sakonagoekin eta bukatu ludikoagoekin. Bide beretik joko al duzu?

Esango dizudana da orain ez naizela tronpetarekin eta kanpai batekin sartuko. Disko honek eskatzen dit jarrita hastea, baina bai, kontzertuak badu narratiba zaindu bat. Nik beti izan dut buruan entzulea, eta ni publikoan banengo entzun nahiko nukeena egin dut. Zuzeneko animalia naiz ni, asko disfrutatzen duena kontzertuetan.