Azaroaren 11ko greba orokorrerako deialdia erregistratu dute sindikatuek

Ainara Argoitia Arano

Etxebizitza izateko eskubidea bermatu dadila exijitzeko Bilbon egindako manifestazio bateko irudia.

Azaroaren 11 etxebizitza eskubidea berma dadila exijitzeko eta espekulazioaren kontra egiteko eguna izatea nahi dute greba orokorraren deitzaileek eta babesa agertu dioten eragileek. Atzo erregistratu zuten ofizialki grebarako deialdia. 

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistarekin bat egin dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eta elkarrekin erregistratu zuten atzo greba orokorrerako deialdia azaroaren 11rako. Egoera "jasanezina" dela ohartarazi dute sindikatuek. Salatu dute pobretzen ari dela langile klasea eta, aldiz, handitzen eta puzten ari direla enpresarien eta espekulatzaileen irabazi ekonomikoak. Patronalaren eta erakunde publikoei  zuzendu diete mezua. Langileen prekarizazioa betikotzen jarraitzea eta hemengo errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari uko egitea leporatu diote patronalari -Confebask eta CEN- eta errentadunen negozioa gizentzeko politikak sustatzea erakunde publikoei, kontra egiteko eskumenak izanagatik. Sindikatuek beharrezko ikusten dute  "errentazaleen aldeko politikak bultzatzeari uztea" eta Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruan aurrera egitea.