Urriko mendi irteera bateratua Ioarrera izango da

Nerea Bedialauneta Alkorta

Arg.: Wikiloc

16 kilometroko ibilbidea proposatu dute antolatzaileek iganderako (urriak 18). Izena emateko azken eguna bihar (urriak 15) da. 

Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak irteera bateratua antolatu dute iganderako (urriak 18); Genevillatik abiatu eta Santikurutze Kanpezurainoko ibilbidea egingo dute, Ioar menditik (1.417 m) igarota.

Guztira, 16 kilometroko ibilbidea egitea proposatu dute antolatzaileek, 5 bat orduan egiteko bezalakoa. Jakinarazi dutenez, mendizaleek 932 metroko desnibel positiboa eta 981 metroko desnibel negatiboa gainditu beharko dituzte.

Bertan parte hartzeko interesa dutenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita eman dezakete izena; horretarako azken eguna bihar (urriak 15) da. Beti bezala, autobus zerbitzua ere egongo da; igandean 07:00etan abiatuko da autobusa Debako geralekutik eta, ondoren, Mutrikun, Ondarroan eta Markina-Xemeinen ere egingo ditu geldialdiak.