Zamoran eta Toron eman ditu saioak Debabarrenako Orfeoiak

Asier Orbea Ostolaza

Debabarreneko Orfeoiko kideak Santa Maria la Mayor kolegiatako eliz atarian. Lagatakoa.

Joan den asteburu luzea Zamora aldean igaro dute Debabarreneko Orfeoiko (DBOR) kideek eta pozik itzuli dira han eman dituzten kontzertuetatik.

Zamora hiriko San Cipriano elizan eman zuten lehen emanaldia, urriaren 10ean, eliza jendez gainezka zela, eta esperientzia aparta izan zela adierazi dute orfeoiko arduradunek, "horrenbeste jenderen aurrean abesteko aukera izateagatik, eta lekua beragatik, erromanikoaren gailurra den eliza baita San Ciprianokoa". Música que Restaura izeneko zikloaren barruan eman zuten kontzertua, hain justu zikloari amaiera eman zion saioa.

Biharamunean, urriaren 11n, Zamorako hiriburutik 33 kilometro ingurura dagoen Toro hiri historikoan abestu zuen orfeoiak, Toroko mahats-bilketaren jaiaren baitan. Santa Maria kolegiata barruan eman zuten kontzertua, eta horra ere jende ugari gerturatu zitzaiela azaldu dute. Goiko irudian, orfeoiko kideak Santa María la Mayor kolegiatako eliz atarian (Portico de la Majestad).

Eta, Zamoratik bueltan, entseguekin jarraitzeko asmoa du Orfeoiak,  X. urteurrena ospatzeko emango dituzten saioak prestatzeko.