Elena Perez txistulari ermuarraren heriotzaren bosgarren urteurrenean, haren ibilbidea eta oroitzapena omenduko dituzte bihar Eibarren. Usartza Txistulari Taldeak ganbera-kontzertu berezia antolatu du urriaren 18rako, 12:30ean, Coliseo antzokian. Emanaldian, taldeko txistulariekin batera, beste hainbat musikarik eta Kezka Dantza Taldeko dantzariek ere parte hartuko dute. Sarrera doakoa da, eta gonbidapenak leihatilan eta Kutxabanken bitartez eskuratu daitezke.
Txistuari eskainitako bizitza
Bizitza osoa eskaini zion Perezek txistuari. 7 urterekin hasi zen jotzen, Amalur taldean; musika-ikasketak Eibarko kontserbatorioan hasi zituen, eta, aurrerago, Donostiakoan jarraitu. 1989an amaitu zituen txistu-ikasketak, Jose Ignazio Ansorena irakaslearekin, eta aitortza gorena eskuratu zuen. Gaztetatik aritu zen Eibarko txistulari taldeetan, eta 80ko hamarkadaren erdialdetik aurrera Eibarko Txistulari Bandako kide izan zen; gaur egungo Usartza Txistulari Taldeko kide, alegia. Urte luzez taldeko zuzendari ere izan zen. Tartean, txistu-irakasle ere aritu zen, Ermuko Musika Eskolan, besteak beste.
Txistulari eta irakasle lanaz gain, taldearen eguneroko jardunean ere arrasto nabarmena utzi zuen Perezek. Usartzako kideek gogoratzen dutenez, zorrotza zen lanean, baina gertukoekin harreman estua zuen, eta taldearen zaintzan arreta berezia jartzen zuen.
Txistua, ganbera-formatuan
Kontzertuaren helburua txistua ohiko kalejira eta talde-formatutik harago erakustea da, ganbera-musikaren testuinguruan. Horretarako, askotariko instrumentuak bilduko dituzte oholtzan, txistuaren aukera musikalak beste ikuspegi batetik erakusteko eta, aldi berean, Perezekin lotura duten obren bidez haren oroitzapena bizirik mantentzeko.
Garikoitz Mendizabal txistulari bakarlariak ere parte hartuko du kontzertuan, eta harekin batera Isabel Laspiur piano-jotzailea eta Marisol Arrillaga soinu-jotzailea ere arituko dira. Haiez gain, hari-boskote batek eta Kezka Dantza Taldeak ere bat egingo dute emanaldiarekin. Guztira, hamasei lagun inguru igoko dira Coliseo Antzokiko oholtzara.
Perezen arrastoa, oholtzan
Egitaraua Perezen ibilbideari lotutako obrekin osatu dute, eta haren bizitzako hainbat alderdi gogora ekarriko dituzte. Bereziki esanguratsua izango da Garikoitz Mendizabalek hari-boskotearekin interpretatuko duen obra: Perezek txistu-karrera amaitutakoan jo zuen pieza bera. Kontzertuak, halaber, familiari ere egingo dio lekua. Perezen semeak, Peruk, gitarra joko du, Enrique Monterorekin batera, Elena gogoan piezan.
Amaieran, parte-hartzaile guztiek batera interpretatuko dute'Cinema Paradiso Suite obra. Perezek oso gustuko zuen filma zen Cinema Paradiso, eta Usartzako kideek haren omenez berreskuratu dute ideia hori, kontzertuari amaiera emateko.
Usartzako kideentzat, beraz, igandeko hitzordua ez da musika-emanaldi hutsa izango: Perez gogoratzeko eta haren ibilbideak txistularitzan utzitako arrastoa aitortzeko aukera ere izango da.
Enrique Montero Usartza Txistulari Taldeko zuzendaria
"Elena emakume gogorra zen, izaera gogorrekoa, baina oso pertsona ona. Profesional bezala izugarria zen, baina pertsona bezala ere bai"
Iratxe Gimenez Txistularia eta Perezen ikasle ohia
"Haren ordutegia moldatzen zuen, nik ikasi ahal nezan; hari esker naiz ni txistularia. Izan ere, beti sentitu nintzen oso zaindua harekin".
Garikoitz Mendizabal Txistularia
"Falta zaigun pertsona oso maitatua da, eta ondoen egiten dakigun horrekin omendu nahi dugu. Elena izan zen, eta arrastoa utzi zuen".
Silvia Izarra Alboka Musika Eskolako zuzendaria
"Iparragirre kaleko bizilagunei kontzertuak eskaini zizkigun etxeko terrazatik pandemia garaian. Zenbat merezitako txalo jaso zituen".
Maite Askasibar Txistularia Alboka Musika Eskolan
"Elena musikaria zen, une oro; egunero jotzen zuen. Meritua dauka, eta balio hori aitortu egin behar zaio. Pertsona miresgarria izan zen, oso".





