Dantza aldarrikapen tresna gisa erabilita, Euskal Herriko zazpi hiriburuetako plazak dantzan jarri nahi ditu Gure Eskuk igandean, urriaren 25ean, Zazpi jauziz, herri bat ekimenaren bidez. Ekimenaren helburua da ehunka lagun Zazpi Jauzi dantza herrikoi ezaguna dantzatzen jartzea eta, modu horretara, zazpi lurraldeak une berean —12:00etan— elkartzea eta Euskal Herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa sustatzea.
Deba-Itziarko taldeak ere bat egin du deialdiarekin, eta herritar guztiak Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean, Baionan, Donibane Garazin eta Maulen egingo den nazio mailako ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu. Gipuzkoako herritarrak, zehazki, Donostiako Plaza Berrian 12:00etan egingo den hitzordura daude deituta. Dena den, Debako eta Itziarko ordezkaritza bat Baionako hitzordura ere joango dela iragarri dute.
Ekimenera begira motorrak berotzen
Igandeko egitasmoa bultzatu eta girotze aldera, bestalde, jarduera berezia egin zuten aurreko larunbat iluntzean, urriaren 17an, Itziarren. Lehenik, Zazpi jauzi dantza herrikoia entseatzen aritu ziren Donibane Elkartearen atzeko plazan. Antolatzaileek azaldu dutenez, hamabost bat laguneko talde bat animatu zen dantzan egitera.
Itziarko Gure Eskuko kideek gaineratu dutenez, igande honetako ekimenaren nondik norakoak ere azaldu zizkieten bertan elkartutakoei: “Ekimenaren helburua azaldu genien eta, horrekin batera, urriaren 25ean ekimena zazpi hiriburuetan aldi berean lehenengo aldiz nola gauzatuko denari buruzko xehetasunak ere eman genizkien”.
Ondoren, musikarekin girotutako pintxo-potea egin zuten. Adin guztietako 60 bat lagunek parte hartu zuten eta, zehaztu dutenez, 100 pintxo saltxitxa baino gehiago banatu zituzten herritarren artean: “Giro jatorrean egon ginen ordu txikitara arte”.