Irabazi asmorik gabeko elkartea da Marcan Huella, 2014ko martxoaren 30ean sortua, Ermuan. Elkartearen helburu nagusia da Debabarrena eskualdean abandonua eta tratu txarrak jasan dituzten txakurren segurtasuna eta ongizatea bermatzea.
Urtean zehar askotariko ekintzak antolatzen dituzte, "animaliei zor zaien tratu onaren gaineko kontzientzia sortzeko, txakurrak nola zaindu behar diren aholkatzeko eta txakur jabetza arduratsua bultzatzeko", besteak beste. Oraingoan, Marcan Huella Fest izeneko jaialdia antolatu dute, estreinakoz. Arrate inguruak txakurzalez eta animaliazalez betetzeko moduko egitaraua antolatu dute. Egiten duten lana ezagutzera ematea da euren asmoa eta inguruan dituzten lagunei ematen dieten laguntza eskertzea.
Txakurkrosa, ibilbide motza eta luzeagoa
Jaialdiari Amarok elkartekoen laguntzarekin prestatu duten txakurkros solidario batekin emango diote hasiera. Bi ibilbide jarriko dituzte aukeran, bata 9 kilometrokoa eta bestea bi kilometrokoa. Azken hori Arraten hasi eta bukatuko da, Olabera joan etorria egin eta gero. Luzeena 9:00etan hasiko da eta 11:30ean motzagoa. Antolatzaileek aurreratu dutenez, haien asmoa da kirol hau ezagutzera ematea, jendea parte hartzera animatzea eta "bideaz elkarrekin gozatzea". "Erritmo lasaian egingo dugu eta denok elkar zainduz", azaldu dute. Izena emateko hamar euro ordaindu beharko dituzte partaideek eta poltsa bat, pintxo bat eta ura jasoko dituzte trukean. Interesatuek Marcan Huellakoek instagramen duten kontura mezua idatzita eman beharko dute izena.
Kontzertuak, goiz eta arratsaldez
Musikak pisu handia izango du jaialdian. Goiz partean, 12:00etatik aurrera, kontzertuak emango dituzte Harri Artien eta Bilboko The Last Hidden Fox taldeek. Arratsaldean ere egongo dira kontzertuak, 13:00etatik aurrera umorez beteriko bertsioak joko ditu Lanere taldeak. Azkenik, Goodbye Keppler taldearen emanaldiak emango dio amaiera jaialdiari. Doakoak izango dira. Kontzertuak dauden bitartean umeentzako ekitaldiak ere egingo dituzte.
Txakurren agility erakustaldia
Txakurren trebakuntza eta estimulazioa lantzeko sortutako agility kirolaren erakustaldia ere antolatu dute, 14:00etarako. Era honetako probetan, txakurrak ibilbide bat egin behar du, oztopoak gaindituz, gidariaren esanak betetzen dituen bitartean. Oztopo-pista bat ahalik eta denbora laburrenean eta ahalik eta akats gutxienekin egitea da helburua. Arrateko zelaietan egingo duten erakustaldia Ermuko Indarkan agility taldearen laguntzarekin antolatuko dute.
Artisauak eta jan edana
Jaialdiak artisau postuak ere edukiko ditu, 10:00etatik 17:30era bitartean. Antolatzaileek aurreratu dutenez, era guztietako hamalau bat postu egongo dira. Azokan jan-edanik ere ez da faltako. Taloak salduko dituen foodtruck bat egongo da, eta beganoentzako zein zeliakoentzako moduko taloak ere salduko dituzte.
Zozketa
Produktuz beteriko otar baten zozketa ere egingo dute artisau postuetan erosketak egiten dituztenen artean. Saria eskuratu ahal izateko, baina, zozketaren unean bertan egon beharko du txartel irabazlearen jabeak. Irabazleak jasoko duen saskian hainbat gauza egongo dira, besteak beste, postu bakoitzeko artikulu bat, txakurrarekin edo txakurrik gabe egiteko argazki-saio baterako balea, eta txakurrentzako artikulu-sorta txiki bat.

