Zozketa

Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamahirugarren edizioa azaroaren 6tik 29ra

Aurtengo edizioan parte hartuko duten jatetxeetako sukaldariak. Argazkia: Debegesa. 

Eskualdeko zortzi jatetxek sasoiko eta tokiko produktuz osatutako menu bereziak eskainiko dituzte 39 euroan, gastronomia, kultura eta natura uztartzen dituen egitarauaren baitan. BARRENAk bi menu zozkatuko ditu HEMEN. 

Debabarreneko zortzi jatetxek Tripontziak ekimen gastronomikoaren hamahirugarren edizioa ospatuko dute azaroaren 6tik 29ra bitartean. Debegesa Garapen Agentziak eta Debabarreneko Klub Gastronomikoak antolatutako egitasmo honek Eusko Jaurlaritzako zein Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo sailen babesa du. Ekimenaren helburu nagusia da bertako eta garaian garaiko produktuen kontsumoa sustatzea, baita Debabarreneko sukaldariak, establezimenduak eta ekoizleak ezagutzera ematea zein balioan jartzea ere.
 

Sasoiko produktuak eta 39 euroko menu bereziak

Edizio honetan eskualdeko lau udalerritako zortzi establezimenduk hartuko dute parte: Eibarko Baratze Tabernak eta Bulebúk; Elgoibarko Belaustegik eta Txarridunak; Mallabiko Trabakua Behekoak; eta Debako Hiru Bistro, Itsaslabarrak eta Urgain jatetxeek. Sukaldari bakoitzak tokiko eta sasoiko elikagaietan oinarritutako plater propioak prestatuko ditu.    
 
Eskainiko diren menuek 39 euroko prezioa izango dute. Proposamenak aperitiboa, sarrera, bi plater nagusi (arraina eta haragia) eta Mendaroko txokolatearekin egindako postrea biltzen ditu. Prezioaren barruan daude, halaber, ogia, kafea eta ardoa; azken honek ezaugarri berezia izango du, jatetxe guztietan Familia Valdelana upeltegiko ardo zuri eta beltz berdina zerbitzatuko baita. Bestalde, txakolina hautatzen dutenek 6 euroko gehigarria ordaindu beharko dute.
 
Jatetxe bakoitzaren menua kontsultatzeko debabarrenaturismo.com webgunean sartu behar da HEMEN, eta dasta-menua probatzeko ezinbestekoa da aurretik erreserba egitea eta "Tripontziak Menua" nahi dela adieraztea.
 

Tokiko produktuen otarreak zozketan

Aurreko urteetan bezalaxe, ekimenak irauten duen bitartean zozketa bat egingo da bezeroen artean. Parte hartzeko, jatetxeetan eskuragarri egongo diren paperezko kupoiak edo QR kodeak bete beharko dira eskatzen diren datuekin. Zozketaren bidez bi pertsona sarituko dira, eta bakoitzak bertako produktuekin osatutako otar bana jasoko du.
 
Bestalde, Debegesako Turismo sailaren eskutik, BARRENAk bi menu zozkatuko ditu bere irakurleen artean, HEMEN. Urriaren 28ra arteko epea dago izena emateko.   
 
Kultura, historia eta natura ezagutzeko egitarau osagarria

Sukaldaritzaz harago, Tripontziak ekimenak aukera ematen du Debabarreneko ondare industrial, natural zein geologikoa ezagutzeko.
Kulturaren eta historia industriala aztertzeko, bi museo nagusik erakusketa bereziak eskainiko dituzte:

 

  • Makina Erremintaren Museoa (Elgoibar): Azaroaren 2tik abenduaren 18ra bitartean, Sigma Bebé eta bere lagun txikiak erakusketa ikusi ahal izango da, SIGMA enpresak 1959an merkaturatutako josteko makina txikiaren inguruan.
  • Armagintzaren Museoa (Eibar): 2026ko urriaren 8tik 2027ko urtarrilaren 10era aldi baterako erakusketa bat egongo da ikusgai GAC enpresaren bizikleta bildumarekin, bizikleten fabrikazioaren hasieraren mendeurrena ospatzeko.
Ingurune naturala eta geologikoa esploratu nahi dutenentzat, berriz, hainbat ibilbide proposatzen dira:
  • Dolmenen Ibilbidea: Elgoibar, Soraluze eta Bergara lotzen dituen ibilbide honek 19 trikuharri eta elementu megalitiko ezagutzeko aukera eskaintzen du. Azaroaren 22an bisita gidatua egingo da euskaraz.
  • Deba eta Mutriku: Deban HAB – Historiaurreko Bailara aire zabaleko museoa bisitatu daiteke. Mutrikun, ostera, Olatz, Haran ezkutuak ingurune geologiko berezia karedun haranetan zehar ezagutzeko aukera dago.
  • Flyscharen Ibilbidea: Euskal Kostaldeko Geoparkeko kostalde babestuko itsaslabar ikusgarrietan barrena Lurraren historia geologikoa kontatzen du.
Horrela, Tripontziak ekimenak gastronomia, kultura eta natura elkartzen dituen esperientzia integrala eskainiko die herritarrei eta bisitariak Debabarreneko altxorrak ezagutzeko gonbidapena eginez.