Azaroaren 11ko greba orokorra antolatzeko hainbat hitzordu antolatu dituzte Debabarrenean

Ainara Argoitia Arano

Debabarreneko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) gazte asanbladak antolatzeko deialdiak egin ditu, eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, berriz, batzarrak antolatu ditu Eibarren, Elgoibarren, Mendaron, Ermuan eta Deban, azaroaren 11ko greba orokorra antolatu eta haren nondik norakoak azaltzeko. Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra egiteko deitu dute grebara, Euskal Herriko sindikatuekin batera. LAB sindikatuak ere informazio batzarra antolatu du Soraluzen, ostiral honetarako.

Gazte Koordinadora Sozialistak honako batzar hauek antolatu ditu:

  • Urriaren 23an, Eibarko Kultun (18:30ean) eta Ermuko Lobiano Kulturgunean (18:30)
  • Urriaren 24an Debako Gaztetxean (11:30ean)

Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak antolatutako asanbladak, bestalde, honako egun eta leku hauetan egingo dira, helburu batekin: "Mobilizaziorako deia zabaltzea, antolakuntza sustatzea eta greba herri eta auzoetan prestatzea":

  • Urriaren 29an Ermuko Herriko Plazan (18:30ean)
  • Urriaren 31n Debako Plaza Berrian (11:30ean) eta Eibarko Untzagako harmailetan (12:00etan).
  • Azaroaren 5ean, Elgoibarko Kultur Etxean (18:00)
  • Azaroaren 6an Mendaroko Herriko enparantzan (18:00)

Etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra egiteko deitu dute grebara azaroaren 11rako. Aldarrikapen nagusien artean honako hauek daude: "Espekulatzaileak espropiatzea, espekulazioa debekatzea eta etxebizitza langileriaren beharren arabera antolatzea". Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik adierazi dutenez, greba "espekulatzaileen, errentisten eta haien zerbitzura dauden politikarien aurkako erantzun zabala" izatea nahi dute. 

Antolakuntzan laguntzeko

Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik zehaztu dute grebaren antolaketan lagundu edo parte hartu nahi dutenek 631 331 714 telefono zenbakira idatzi dezaketela. Whatsappez bakarrik jarri ahal izango da harremanetan.

LABen informazio batzarra Soraluzen

Bestetik, LAB sindikatuak informazio batzarra antolatu du Soraluzen, urriaren 23an, ostirala, Tolarekua aretoan, arratsaldeko 18:00etan. Sindikatu abertzaleak ere azaroaren 11n greba orokorra egitera deitu du Euskal Herrian etxebizitza eta soldata duinak denontzat lemapean.