'El hijo de todos' filma grabatzen ariko dira astelehenean Deban

Izaro Aulestiarte Lete

Laia Manzanares, Pol Monen, Asier Etxeandia, Alvaro Brechner, Jose Luis Garcia Perez eta Maria Botto. Arg.: Juan Naharro

Udalak ohartarazi du grabaketa lanek aldizkako trafiko etenak, aparkatzeko murrizketak eta hondakinen bilketan aldi baterako aldaketak eragingo dituztela.

Bowfinger International Pictures ekoiztetxea Miguel Angel Blanco Ermuko PPko zinegotziaren bahiketaren eta hilketaren inguruko 'El hijo de todos' fikziozko film luzea prestatzen ari da; Alvaro Brechner zuzendariaren lana da eta, besteren artean, Pol Monen, Laia Manzanares, Maria Botto, Jose Luis Garcia Perez eta Asier Etxeandia ditu protagonista. Ekoiztetxeak jakinarazi du urrian ekin dietela grabaketa lanei, Euskal Herriko herri eta kokagune ezberdinetan, eta datozen egunotan inguruotan ariko dira; Deban ez ezik, Ermuan ere, besteak beste.

Deban, Udalak ohartarazi duenez, astelehenean, urriaren 26an, egingo dituzte grabaketak, 07:00etatik 19:00etara, herriguneko hainbat lekutan. Hortaz, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorrietan etenaldi puntualak izango dira, ekoizpen-taldearen ibilgailuentzat aparkalekuak erreserbatuko dira eta tren geltokiaren inguruko edukiontziak aldi baterako kenduko dituzte.

Zehazki, tren geltokiaren inguruan, Arakistain plazan, Ostolaza kalean, San Roke kalean, Lersundin, Plaza Zaharrean eta Foruen plazan egingo dute grabaketa. Aurreikuspenen arabera, ekoizpen taldeak kiosko bat jarriko du Foruen plazan, udaletxearen azpiko arkupean, eta Aldats pilotalekua aktoreen makillaje- eta jantzi-lanetarako baliatuko dute.

Eragina trafikoan eta aparkalekuetan

Grabaketa lanen eraginez, aldizkako trafiko etenak egingo dira N-634 errepidean, tren geltokiaren parean, 08:00etatik 13:00etara, gutxi gorabehera. Ondoren, 14:00etatik 16:00etara, mozketak Lersundi kaletik N-634 errepiderako irteeran egingo dituzte. Udalak azaldu duenez, etenaldi horiek gehienez ere hiru minutuko iraupena izango dute jarraian eta, ondoren, zirkulazioa berriz irekiko dute, "filmaketaren beharrek horretarako aukera ematen badute". Era berean, herriguneko zenbait gunetan etenak egingo dituzte tarteka, ibilgailuen zirkulazioan nahiz oinezkoen joan-etorrian.

Bestalde, aparkaleku batzuk lantaldearentzat erreserbatuta egongo dira, zumardian, Gudarien plazaren inguruan, Foruen plazan eta pilotalekuaren inguruetan. 

Edukiontziak bihar kenduko dituzte

Grabaketa lanak astelehenerako iragarri badituzte ere, aurrez ere izango da aldaketarik herrian, bihar, hilak 23, tren geltokiaren inguruko edukiontziak aldi baterako kenduko baitituzte, espazio hori libre uzteko. Urriaren 23tik 26ra, biak barne, gune hori erabili ohi duten herritarrek Paseo Estaliko edo Astilleroko edukiontzietan laga beharko dituzte hondakinak. Neurri horrek merkatariei eta ostalariei ere eragingo die, eta haiek ere aipatutako guneetara eraman beharko dituzte hondakinak eta kartoia.

Astelehenean, gainera, ez dute merkataritzako kartoia biltzeko ohiko zerbitzurik eskainiko geltokiko gune horretan. Udalak gogorarazi du garrantzitsua dela edukiontziak egon ohi diren lekuan zabor-poltsarik, kartoizko kaxarik edo bestelako hondakinik lurrean ez uztea, "eremuak libre egon behar baitu asteburuan eta grabaketa egunean".

Herritarren laguntza

Udalak joan-etorriak aldez aurretik planifikatzeko, zirkulazioan eta aparkalekuetan izango diren etenak kontuan hartzeko eta filmaketa koordinatzeaz arduratuko diren langileen jarraibideak betetzeko eskatu die herritarrei. Eta, aldi berean, grabaketak sor ditzakeen eragozpenen aurrean, aurrez eskertu du herritarren eta merkatarien ulermena, baita lankidetza ere. 

Bide batez, filmaketa hau "Deba ezagutarazteko eta herriko kaleak, plazak eta hiri-espazioak ikus-entzunezko ekoizpenetarako agertoki gisa balioan jartzeko" aukera bat dela nabarmendu du Udal Gobernuak. "Era berean, grabazio-taldearen presentziak tokiko jarduera ekonomikoa dinamizatzen lagun dezake, bereziki ostalaritzaren eta zerbitzuen sektoreetan, eta Deba etorkizuneko zinema-proiektuetarako kokaleku erakargarri gisa ezagutarazten lagundu dezake", erantsi du.