Bidegik asteburu honetan abiatuko du AP-8, AP-1, GI-20 eta AP-636 errepideetako zoladura berritzeko kanpainaren zortzigarren jarduketa. Gipuzkoako Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, lanek Itziarko lotunean ere izango dute eragina, Behobiako noranzkoan.
Zehazki, AP-8 autobideko 56. eta 53,1. kilometro puntuen artean egingo dituzte fresatze-lanak. Gaur, urriaren 23an, 21:00etan hasiko dira, eta asteleheneko, urriaren 26ko, goizaldeko 01:00etan amaitzea aurreikusi dute.
Bidegitik ohartarazi du ordutegiak gutxi gorabeherakoak direla, eguraldiak eta bestelako faktoreek aldaketak eragin baititzakete. Horregatik, zuhurtziaz gidatzeko eta seinaleak zein lanetan ari diren langileen jarraibideak betetzeko eskatu die gidariei.
Eraginak eta behin-behineko itxierak
- Ostirala, urriak 23, 21:00etatik larunbata, urriak 24, 23:00etara: ezkerreko erreia itxita egongo da fresatze-lanak egiteko.
- Larunbatetik iganderako gaua, urriaren 25eko 00:00etatik igandeko 10:00etara: Lanek tarte horretan izango dute eraginik handiena. Fresatze-lanak eskuineko erreira pasako dira, ondorioz, Itziarko lotunea eta zerbitzuguneko sarrera eta irteerak erabat itxita egongo dira Behobiako noranzkoan
- Igandea, urriak 25, 10:00etatik asteleheneko, urriaren 26ko, 01:00etara: eskuineko erreia itxita egongo da fresatze-lanengatik. Lanak asteleheneko goizaldeko 01:00etan amaitzea aurreikusi dute.
Bide alternatiboa
Itziarko lotunea eta zerbitzugunerako sarrera zein irteera itxita dauden bitartean —larunbatetik igandera bitarteko gauetik igandeko 10:00ak artean, hain zuzen— Bidegik N-634 errepidetik jarraitzea gomendatu die Behobiako noranzkoan Itziarko lotunea erabiltzea aurreikusita duten gidariei. Zestoa-Zumaiako lotuneraino jarraitu beharko dute, eta handik AP-8 autobidean sartu, Behobiako noranzkoan.