Zure obra ugari daude ikusgai.
Bai; niri gustatzen zait erakusketa batean obra asko eta pieza mota askotarikoak ikustea, gauzak ikustea. Erakusketa areto batera joan eta lauzpabost margolan ikustea ez dut gustuko; horregatik ahalegintzen naiz nire obraren aukeraketa handi bat erakusten.
Oreka Art galerian zer ipini duzu?
Soraluzen ikusgai daude brontzeak, pieza txikiak, material askorekin egindakoak, sokaz, moztutako burdinazko txapaz eta karrozari masillaz egin eta urtzera eramandakoak. Pieza txikiak dira, brontzezko tamaina handiko piezak egitea garestiegia delako. Collageak ere badaude; horiek paperak dira, tintaz eta kafez margotuta eta kolatuta, eta gero, torkulutik pasatuta, marrazki originalak. Eta grabatuak. Formatu txikikoak zein handikoak. Hiru grabatu, adibidez, inoiz erakutsi bakoak dira, justu Soraluzeko erakusketarako estanpatuak; 1993an egindakoak dira bi grabatu barne-hutsak.
Formatu txikiko eskultura batzuk ere badaude…
Bai; horko bitrina horretan dauden bi pieza handi izan ezik, gainerako guztiak 12 zentimetro baino txikiagoak dira. Urtero parte hartzen dut Paisaian ospatzen den 12 Zm izeneko obra kolektiboan. Normalean tamaina handiko eskulturekin lan egiten dudanez, pieza txikiak egitea ariketa oso entretenigarria da niretzat. Bestalde, esan beharra daukat brontzea lantzen dudan arren brontze original deritzenekin lan egiten dudala, zazpi ale zenbakitutakoak eta hiru artista-proba. Eskulturarako erabiltzen ditudan material nagusiak, berriz, dira burdina eta, azken urteotan, altzairu herdoilgaitza. Batzuetan, egurrezko edo zeramikazko elementu txikiak ere gehitzen ditut eskulturetan, metalaren hoztasuna murrizteko.
Garai askotariko lanak ikus daitezke, ezta?
Bai; erakutsi barik denbora luzea zeramaten obra askotarikoen aukeraketa bat dago hemen; adibidez, brontzean urtu nuen lehen eskultura. Eta badago grabatu bat 1987an egin nuena, eta 12-15 bat urte egon zen estanpatu barik, harik eta Madrilen paper aproposa topatu nuen arte. Jugoslaviako mutil batek eskuz egindako papera zen, eta orduantxe estanpatu nuen grabatua. Larga espera du izenburua lan horrek.
Brontzeak, grabatuak eta collageak dituzu; nik, ordea, irakurri dut zeu damaskinatuan formatutakoa zarela…
Lehenengo, marrazkia izan zen. Betidanik marraztu izan dut, eta Lucas Alberdirenean marrazten ibili nintzen; hura Damaskinatu Eskolako irakasle zen, eta, Armeria Eskola laga nuenean, damaskinatua ikastera joan nintzen hara. Sasoi hartan, ofizioa azkenetan zegoen. Lucas ja nagusiegia zen, apenas azaltzen zen eskolan, eta Jose Ignacio Galparsorok zelan lan egiten zuen ikusiz eta nik neuk praktikatzen ikasi nuen damaskinatzen. Ermuko damaskinatzaile eta argazkilari handia zen hura.
Aldiz, ez dago damaskinaturik zure erakusketan…
Orain dela 40 urte laga nion damaskinatzeari, nahiz eta horretan formatu. Dena den, Eibarko museoan oso pieza ederrak daude ikusgai.
Eta zelan hasi zinen grabatzaile?
Damaskinatua da urrea txertatzea, edo, bestela esanda, grabatzea xixelarekin eta mailukarekin. Gainera, oso gaztetatik, liburuen bitartez, Goyaren grabatuek arreta ematen zidaten. Hasieran, pentsatzen duzu mailukarekin egindako grabatuak direla, baina gero, deskubritzen duzu teknika desberdina dela. Haiek kobrezko plantxa batean egiten dira, grabatu seriatuak dira. Tinta bota eta paperean inpresionatzen dira.
Goyaren grabatuek arreta eman zizuten, baina zelan ikasi zenuen grabatu horien prozesua?
Lehen aldiz, Fernando Beorlegi margolari eibartarrarekin ikusi nuen prozesua. Erakusketa batean erakutsi zituen grabatu plantxa bat eta ondoan estanpa. Orduantxe ulertu nuen plantxa horretatik irteten zela estanpa. Soldadutza egin ondoren, Armeria Eskolan grabatu kalkografikoaren ikastaroa erakusten zutela ikusi nuen. Gabriel Ramos Urangarekin eta Mari Puri Herrerorekin ikasi nuen han, 1979an. Gero, ikastaroa egin genuen guztien artean tailer bat muntatu genuen.
Soraluzeko erakusketan, nabarmena da grabatuaren prozesuko plantxei ematen diezun balioa.
Hori da. Grabatuetan, obra bakoitza kobrezko plantxa batetik sortuta dago. Batzuetan, gaizki ohituta gaude, gure gizarteak balio komertziala, batik bat, paperari ematen diolako, baina benetan garrantzitsua dena kobrezko matrizea da. Oreka Art galerian dagoen serie batean, adibidez, hogei ale daude; nik, normalean, 50 aleko edizioak egiten ditut. Grabatuak artea demokratizatzeko aukera ematen du. Margolan bakar bat oso garestia da; aldiz, 50 aleko tirada batean, prezio eskuragarriagoak eskain ditzakezu. Azpimarratu behar da estanpa bakoitza plantxatik zuzenean eratorritako obra originala dela; izan ere, horiek ere obra bakarrak dira. Matrizetan oinarrituta daudenez, obra bakar eta originalak dira, eta ez kopia hutsak.
Ipini prezio eskuragarriago horien adibide batzuk.
Obrarik eskuragarrienek 200 euro balio dute; 270 euro, marko eta guzti. Beti gustatzen zait azoketan prezioak bistan ipintzea, askotan jendea ez delako galdetzera ausartzen, eta sorpresa hartzen du ikustean prezioak bere eskura ere badaudela. Adibidez, hemen bada serie bat Visitando a Fidel izenburua duena, Kubara egindako bidaia batean sorburua duena; Lukas Solorekin egindako liburu ilustratu bateko obrak ere badaude. Hark testuak jarri zituen, eta nik, grabatuak.
Zure diziplina nagusia grabatua da, ala eskultura ere bai?
Eskultura ere bai. Maila berean ditut, garaiaren arabera izaten da. Artelanetatik ezin denez bizi, Debako Arte Eskolan grabatu kalkografikoaren eskolak ematen nituen, eta, aldi berean, eskultura handiak egiten nituen.
Esplikatu izan duzu zuk egiten dituzun eskulturek Debabarreneko tradizio industrialarekin lotura dutela, ezta?
Erabat. Nire jatorrizko formazioa industriala da. Soldatzen ikasi nuen txatartegian burdinazko txapak erosten, autodidakta naiz. Adibidez, eskulturetan beti lagatzen ditut soldadura markak bistan, eskualdeko bizilagunek eta metalaren ofizioa ondo asko ezagutzen dutenek irakur dezaten pieza zelan eraiki dudan. Egia esan, hondoan egiten dut nire amak josturako patroiekin egiten zuen gauza bera, baina tela burdinazko txaparekin ordezkatuz. Ama frantsesa zen, eta aita, eibartarra; ni neu 7 urterekin joan nintzen Eibarrera bizitzera, hantxe hartu nuen nire gaztaroaren kontzientzia. Ama jostuna zen, auzo guztiarentzat josten zuen. Etxean betidanik ikusi izan dut hori. Urteekin, konturatu naiz eskultura oso handiak egiten hasi nintzenean, beste barik, amari ikusten niona egiten nuela; hark telarekin egiten zuen, eta nik, burdinazko txaparekin.
Osatu gabea du izena erakusketak. Zergatik?
Bizitzan bukatu barik geratzen diren fase edo prozesu horiek islatu nahi ditu. Artean denak ez du zertan errealitatearen itzulpen literala izan. Nire obrak materialen eta formen arteko jolasa dira. Adibidez, eskulturetako bat sortu zen taberna bateko terraza batean marraztutako bozeto bizkor batetik. Pieza horrek Izenbe du izena, Debako taberna ezagun bati erreferentzia egiten dio. Azken batean, sorkuntza elikatzen dutenak norbere bizipen pertsonalak dira, nahiz eta, hori bai, bukatutako obra bere kabuz defendatu behar den.
Jakingo zenuke esaten zenbat obra dituzun eginda?
Milatik gora. 400 bat grabatu, 1.300 collage eta 250 bat eskultura, burdinazkoak, brontzezkoak eta urtu bako modeloak.
Gaur egun, non duzu lantegia?
Paper eta grabatu tailerra Deban daukat; hantxe daukat inprimatzeko erabiltzen dudan torkulua. Burdinazko lan pisutsuak, berriz, orain arte Soraluzen egin ditut, baina beste leku bat prestatzen ari naiz.
Zure obra, berriz, besteak beste, Bilboko Arte Ederren Museoan, San Telmo museoan eta Madrilgo Calcografia Nacional-en –Goyaren grabatuekin batera– dago?
Bai. Bilduma publikoetan zein pribatuetan dago nire obra. Eta sortzen segituko dut nire gorputzak lagatzen didan arte.