Bost greba egun dituzte iragarrita ELAk, LABek, SATSEk, CCOOk eta UGTk, eta ostiralekoa -urriak 30- izango da lehenengoa. Salatzen dute hamazazpi urte baino gehiago direla hitzarmena berritu ez dela eta hobekuntzak eskatu dituzte soldata eta lan-baldintzetan langile guztientzat, era horretan baino ezingo direlako bermatu, haien esanetan, herritarrentzako "arreta segurua eta kalitatezkoa". Langileen ordezkariek salatu dute lan-karga handia dela eta arazoak dituztela lana eta bizitza pertsonala uztartzeko, bai eta langileen hutsuneak betetzeko ere, behar beste ordezko ez dagoelako. Era berean, osasun-sistemaren "pribatizazioa" ere salatu dute, eta osasu-sistema publikoa bermatzeko eskatu. Guzti horiek kontuan hartu eta Mahai Sektorialaren bilerara "benetako proposamenak" aurkezteko eskatu diote sindikatuek Osakidetzari; "akordiora iristeko borondatea" agertzeko.
Ostiralekoaren ondoren, beste lau greba egun dituzte izendatuta, abendurako: abenduaren 9, 10, 11 eta 14rako, hain zuzen ere.
Gutxieneko zerbitzuak
Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu ostiralerako. Honako hauek:
Ospitaleetan, jaiegunetako lantaldea izango da, baina bermatuko dituzte larrialdi-zerbitzuak, sukaldeak, janari-banaketa eta garbiketa-zerbitzua.
Dialisi-prozesuak eta aurrez programatutako minbiziaren kontrako tratamenduak %100ean bermatuko dituzte. Atzeratu ezin diren gainerako prozedurak ere egingo dituzte, atzeratzeak pazienteen bizitza edo osasuna arriskuan jar badezake. Horien artean daude onkohematologiako eguneko ospitaleen jarduera, hemodinamika, iktus-unitateak, zainketa intentsiboetako unitateak, neonatologia, erditzeak eta Giza Transfusio eta Ehunen Euskal Zentroaren jarduera.
Lehen Mailako Arretan, berriz, larunbatetako zerbitzuak emango dituzte. Osasun-erakunde integratuetako (OEI) telefono bidezko arreta-zerbitzuek, aldiz, ohiko langileen % 50 izango dute lanean.