Durangoko Azokak euskal sortzaileen lanari eta ekarpenari aitortza egingo die 61. edizioan

Izaro Aulestiarte Lete

Durangoko 61. Azokaren aurkezpena gaur, Durangon. 

Abenduaren 4tik 8ra egingo dute aurtengo azoka eta, hilabete baino gehiago falta den arren, gaur (hilak 28) aurkeztu dute haren irudia, Landako Gunean bertan. Andoni Beristain diseinatzaile, argazkilari eta arte zuzendariak sortu du iruditeria.

Gaur goizean aurkeztu dute aurtengo azokaren iruditeria Durangoko Landako Gunean. Bertan, Gerediaga elkarteko eta azokaren guneetako arduradunez gainera, erakunde babesle eta kolaboratzaileetako ordezkariak ere egon dira, hala nola Durangoko Udala, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, BBK, Eroski, Euskaltel, Konfekoop eta EITBkoak.

Abenduaren 4tik 8ra egingo da 61. Durangoko Azoka. Agerraldian azaldu dutenez, hilabeteak daramatzate antolakuntzan abenduko bost eguneko ekimena prestatzen, euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren inguruan milaka lagun elkartzeko helburuarekin. "Liburuak, diskoak, irudiak, hitzak, doinuak eta ideiak partekatzeko gunea izango da aurten ere azoka, baina, batez ere, kultura bizitzeko eta hartaz gozatzeko topagunea", nabarmendu dute.

Iaz, 60. edizioaren harira, Durangoko Azokak bere izaera laburbiltzen duen izendapena hartu zuela gogorarazi du Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak: DA! Kulturaren Jaialdia. Aurten ere, lerroburu horri eutsiko dio: "Azoka kulturaren jaialdia da, askotariko kultur adierazpideak eta diziplinak biltzen dituelako, sortzaileak eta hartzaileak harremanetan jartzen dituelako eta urtez urte euskarazko eta Euskal Herriko kulturaren sustatzaile izaten jarraitzen duelako".

Aurten, gainera, sorkuntzaren balioa eta sortzaileen lana nabarmendu nahi izan dituzte. Ideia horretatik abiatu da 61. edizioko iruditeria, kulturaren aniztasuna eta sorkuntzaren atzean dagoen lana irudikatzeko.

Andoni Beristainen proposamen bisuala

Andoni Beristain artista gipuzkoarraren sinadura darama, bada, aurtengo iruditeriak. Proposamena bi ideiatatik abiatu da zehazki: euskal kulturaren aberastasunetik eta sorkuntza analogikoaren balioa aldarrikatzetik. Horretarako, kulturaren arlo desberdinetan erabiltzen diren objektuak jarri ditu irudien erdigunean, bodegoi desberdinen bidez diziplina eta sortzaile guztiei lekua egiteko. "Durangoko Azoka denena da, denontzat da, eta bertan daukagu eskuragarri guztia", adierazi du. Beristainek azaldu duenez, objektuekin lan egitea gustuko du, kontzeptuak eta mezuak haien bidez kontatzeko aukera ematen diotelako. 

Iruditerian ageri diren objektuek -irratiko mikrofonoa, margolarien paleta, kamera analogikoa, idazmakina, walkmana eta kasetea, besteak beste- kulturaren arlo desberdinen bilakaera erakusten dute. Beristainek azaldu duenez, "asmoa aspaldiko sorkuntza-moduak eta horretarako erabiltzen ziren tresnak aldarrikatzea izan da. Izan ere, teknologia berriak iritsi ahala tresna horietako asko desagertuko zirela uste izan zen, baina gaur egun ere bizirik diraute, eta batzuek indarrez berreskuratu dute beren lekua".

Iruditeriaren koloreek eta testurek ere badute beren funtzioa: Andoni Beristainek "giro goxo eta gertukoa" sortu nahi izan du, etxeko moketaren antzeko atzealde baten bidez. Horrela, objektuak eta haien bidez helarazi nahi dituen mezuak modu hurbil eta bisualean aurkeztu nahi izan ditu.

Aurtengo proposamenak, beraz, Durangoko Azokaren aniztasuna erakusteaz gain, sorkuntzaren atzean dagoen giza-lana aldarrikatzen du.

Datozen asteetan iragarriko dute aurtengo egitaraua; aurreratu dute, hori bai, "bete-beterik" egongo dela.