Iaz baino debabarrendar gehiagok eman dute izena 2026ko Behobia-Donostia lasterketarako

Asier Orbea Ostolaza

Iazko Behobia-Donostia Lasterketako irteera. DV

Iaz baino 1.500 lagun gehiagok eman dute izena Euskal Herrian jokatzen den herri lasterketa jendetsuenean parte hartzeko; eta, era berean, eskualdean ere iaz baino gehiago dira izena emandakoak.

Iaz 232 lagunek eman zuten izena Debabarrena eskualdeko herrietan (Ermua eta Mallabiako daturik ez dute eman), eta aurten 285 dira izena emandakoak, hau da, iaz baino 53 gehiago. Guztira 29.301 korrikalari daude izena emanda igandean, azaroaren 8an, Behobia eta Donostia artean jokatuko duten 20 kilometroko lasterketan parte hartzeko, iaz baino ia 1.500 gehiagok. Halere, emakumeen parte hartzea apaldu egin da: 9.474tik 9.121era.

Antolatzaileek bi arrazoi aipatu dituzte emakumeen parte hartzean izandako beherakada azaltzeko: "Dortsala bazuten zazpiehun emakumek baino gehiagok baja eman dute, eta alta eman dutenen bostehun gizonak dira. Bestalde, Kataluniatik etortzen diren korrikalarien kopuruak nabarmen egin du behera, eta handik emakume asko etorri ohi dira", adierazi zuen lasterketaren koordinatzaile Iñigo Etxeberriak proba aurkezteko ekitaldian, atzo. Guztira 4.717 kataluniar daude izena emanda (iaz 6.186 izan ziren).

Gorakada gipuzkoarren partaidetzan

Gipuzkoarren partaidetza igoera ere nabarmendu zuten lasterketari buruzko prentsaurreko teknikoan: iaz 7.052 izan ziren; aurten 8.349. Gipuzkoarrei dagokionez, 2015tik izandako partaidetza altuena da. Edizio hartan 8.805 gipuzkoarrek parte hartu zuten, baina kontuan eduki behar da parte-hartze totala 33.948 lagunekoa izan zela. Hain zuzen, 2015ekoa izan Behobia-Donostia jendetsuena: 34.000 korrikalarik hartu zuten parte. Fortunakoek 30.000 lagunetan jarri dute aurten lasterketaren izen-emate kopurua. 2022an, parte hartzaileen kopurua 30.000ra mugatzea erabaki zuten, eta azken urteetan, trenbideen obren eraginez, 28.000ra. Aurten, lan horiek amaituta, berriro 30.000ra igo dute langa.

Gipuzkoako datuak herrietara ekarrita, sei herrik gainditzen duten 200 izen-emandakoen langa: Donostia (3.363), Irun (631), Errenteria (410), Tolosa (300), Zarautz (251), Lasarte (206) eta Hernani (201).

Bizkaitik joango diren antxitxikariak ere gehiago izango dira: 1.628 izan ziren iaz, eta aurten 2.113. 

Atzerritik etorritako lasterkarien artean, 35 herrialdetatik etorriko dira partaideak, eta Frantziarrek osatuko dute multzorik handiena, nabarmen, 1.371 izena-emandakorekin. Bigarren eta hirugarren multzorik handienakn Andorratik (56) eta Britania Handitik (51) etorritakoek osatuko dute. 

Debabarrena eskualdetik parte hartzekoak diren korrikalarien kopuruak:

  • EIBAR 136 korrikalari (51 emakume 85 gizon)
  • ELGOIBAR 60  korrikalari (9 emakume  51 gizon)
  • DEBA 43 korrikalari (15 emakume 28 gizon)
  • MUTRIKU 22 korrikalari (4 emakume 18 gizon)
  • SORALUZE 12 korrikalari (4 emakume 8 gizon)
  • MENDARO 8 korrikalari (1 emakume 7 gizon)
  • ITZIAR 4 korrikalari (1 emakume 3 gizon)

 

2024ko edizioan parte hartu zuten hainbat elgoibartar proba hasi aurretik ateratako argazkian. 

Aldaketak izena emateko moduan

Lasterketan izena emateko izen-emate sistema estreinatu dute aurten, zozketa-bidezkoa, eta antolatzaileak pozik daude. Hala ere, Iñigo Etxeberria erantzukizunerako deia egin zien partaideei. "Izena emandakoen artean 4.600 titulartasun-aldaketa baino gehiago izan dira, eta kopuru horrek nolabaiteko kezka eragin digu. Ikusi dugu jende guztiak ez zuela izena ematen parte hartzeko, baizik eta izen emateak kapitalizatzeko. Ez zaigu gustatzen. Zentzuz jokatzeko deia egiten dugu", azaldu zuen. Hausnarketa horrek lasterketa herrikoi handien erronketako bat adierazten du: dortsalak benetan irteeran jarri nahi dutenengana iritsiko direla bermatzea.