Debako Udalak gaur eguerdian prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak DB05 autobus linearen ordutegia egokitu du; autobusen irteerak bost minutu beranduago izango dira aurrerantzean, Euskotrenen herrira iristen diren bidaiariek autobusa hartzeko aukera izan dezaten, bereziki Itziarrera doazenek. "Orain arte, bi zerbitzuen ordutegiek ez zuten trenetik autobuserako aldaketa egiteko aukerarik ematen. Aldaketa honen bidez, trenaren eta autobusaren arteko lotura hobetu, herritarren eguneroko joan-etorriak erraztu eta intermodalitatea sustatu nahi dira", zehaztu dute.
Autobus linearen ordutegi berriarekin, hortaz, trenetik autobuserako aldaketa egiteko aukera izango dute bidaiariek. Udalak azaldu duenez, Debako alkate Alazne Txurrukak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Luzarralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek bilera bat egin zuten irailean, eta batzar hartan landutako gaietako bat izan zen garraio publikoaren koordinazioa; udalerriko mugikortasun-beharrak eta garraio-zerbitzuen arteko loturak hobetzeko aukerak aztertu zituzten.
Horiek horrela, alkateak bi erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Gipuzkoako Foru Aldundiari izandako lankidetzagatik. Garraio publikoa funtsezkoa da herritarren eguneroko mugikortasunerako, eta garrantzitsua da Deba, Itziar eta eskualdeko gainerako herriak ondo konektatuta egotea. Erakundeen arteko elkarlanean jarraituko dugu, garraio publikoaren zerbitzua eta herritarren mugikortasuna hobetzeko".
Ildo beretik, Azahara Dominguez diputatuak gogorarazi du garraio-operadoreen arteko koordinazioa "funtsezkoa" dela, garraio publikoaren erabilera "atseginagoa" izan dadin eta erabiltzaileen beharretara hobeto egokitu dadin. Eta, zentzu horretan, esker oneko hitzak izan ditu Debako Udalarentzat, elkarlanean aritzeko erakutsi duen prestutasunagatik.
Trenen maiztasuna, bere horretan 2027ra arte
Bestalde, Udal Gobernuak gogorarazi du trenen maiztasuna handitzeko "aurrerapausoak" eskatu zizkiola Euskal Trenbide Sareari, eta hark emandako erantzunaren berri eman du orain: "Erantzunean, ETSk jakinarazi du tren-zerbitzua handitzeko beharrezkoak diren azpiegitura-lanek martxan jarraitzen dutela. Horien artean dago Altzolako saihesbidea, eta 2027an zehar lanak amaitu eta azpiegitura zerbitzuan jartzea aurreikusten da".
Bada, ETSren aurreikuspenen arabera, Altzolako lanak amaitu ondoren –eta ez lehenago– izango da trenen maiztasuna handitzeko aukera, ordu-erdiro egon daitezen trenak, noranzko bietan.
"Debako Udalak lanen eta aurreikusitako epeen jarraipena egiten jarraituko du, herritarrei aurrerapenen berri emateko eta udalerriko mugikortasun-beharrak administrazio eskudunei helarazten jarraitzeko", erantsi du Udalak.