Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren gehiengoarentzat etxebizitza da kezka nagusia

Ainara Argoitia Arano

Elgoibarko etxebizitza ilara bat. Artxiboko argazkia.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian eta etxebizitza eskubidea bermatzea exijitu dadin azaroaren 11rako antolatu duten greba orokorrerako astebete baino gutxiago falta denean egin dute publiko Jaurlaritzaren Soziometroa. Kezka nagusiak zeintzuk dituzten galdetu diete Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko 3.485 herritarri, bai eta erakundeekiko duten konfiantzari buruz ere, eta azpimarratzekoen artean bada datu nagusi bat: etxebizitzarekiko kezkak 12 puntu egin duela gora azkeneko neurketatik eta herritarren gehiengoarentzat (%72) hori dela gizarte-arazo nagusia.

2026ko urriaren 20tik 23ra bitartean Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 3.485 laguni egindako inkestatik ondorioztatu dituzte jarraian aletuko ditugun datuak.

Soziometroaren edizio honetan, arazo pertsonal eta sozialei eta jarrera politikoei buruzko ohiko kontuez gain, erakundeekiko duten konfiantzari buruz ere galdetu diete herritarrei, arreta berezia jarrita herritarren  jokabideari eta itxaropenari, azaroaren 29an egitekoak diren Espainiako Kongresurako hauteskunde orokorrei begira. Egoera politikoaren harira, EAEko egoera politikoa Espainiako Estatukoa baino hobeto baloratzen dute oraindik euskal herritarrek -maiatzean egin zuten orain hurrengo inkesta-. Izan ere, herritarren %64k uste du Euskadiko egoera politikoa "ona edo oso ona" dela; %80k, berriz, Espainiako estatuarena "txarra edo oso txarra" dela. Pertzepzio hori adin-talde gehienetan dago, baina bi kasuetan, 46 eta 64 urte arte bitartekoek balorazio negatiboagoa egiten dute.

Arazo eta kezka pertsonal nagusiak

Euskal herritarren %72k uste dute etxebizitza dela gizarte-arazo nagusia, adina, lurraldea eta orientazio politikoa edozein dutela ere. Azkeneko neurketatik, gainera, 12 puntu egin du gora kezka horrek. Lan merkatuari lotutako arazoak dira bigarren kezka nagusia (%40) eta osasungintzari lotutakoa hirugarrena (%22). Honako beste hauek osatzen dute zerrenda, hurrenkera honetan: arazo ekonomikoak (%17); delinkuentzia eta segurtasun falta (%16); immigrazioa eta horrekin lotutako arazoak (%13); arazo eta desberdintasun sozialak (%12); eta egoera politikoa, politikariak eta gatazka politikoa (%7). Azkeneko inkestarekin alderatuta, etxebizitzarekiko eta arazo ekonomikoekiko kezkek bakarrik egin dute gora. Deigarria da, era berean, zenbait alderdik lehentasunezkotzat jotako bi gaik behera egin dutela: delinkuentzia eta segurtasunak, eta immigrazioak.

Kezka pertsonalen inguruan galdetuta, berriz, herritarrek arazo ekonomikoak aipatzen dituzte lehenengo mailan (%27) eta gero datoz etxebizitza (%26), lan-merkatuarekin lotutako arazoak (%21) eta osasungintza (%21). Lehenengo biek, gainera, gora egin dute azkenekoz galdetu zutenetik. Nolanahi ere, kezka pertsonalak ezberdinak dira adinari erreparatuz gero. 45 urtez azpikoetan etxebizitza eta enplegua nabarmentzen dira, eta adin handiagoetan, berriz, osasunak, pentsioek eta mendekotasunak indar handiagoa hartzen dute. 

Erakundeekiko konfiantza eta hauteskundeei begirako jarrera

Azaroaren 29ko hauteskundeek zer ekarriko duten interesez bizi dute galdekatutako hamar lagunetik zortzik baino gehiagok, eta interesa zertxobait handiagoa da ideologikoki ezkerrekoak direla aitortu dutenen artean. Bestalde, herritarren %18 bakarrik  dira uste dutenak azaroaren 29ko hauteskundeak ez direla oso garrantzitsuak edo ez direla batere garrantzitsuak.

Inkesta erantzun dutenen %43k aitortu dute "Euskadirako hobekuntzak lortzeko duten gaitasuna" baloratzen dutela gehienbat botoa nori eman erabakitzeko orduan, eta %27k aitortu dute beren uste politikoetatik urrun daudenak gobernura iristea zaildu edo eragozteko ematen dutela botoa. Hirugarren aukeran dago "alderdi politikoa", eta laugarrenean,  "gobernuko presidentearen inbestiduran eragiteko gaitasunak". 

Espainiako Diputatuen Kongresuan euskal herritarron interesak ondoen zeinek defendatuko dituen galderari herritarren %29k EAJk erantzun dute, eta beste %25ek EHBilduk. Aipagarria da 45 urtez gorakoen artean EAJ dela aukera nagusia, eta adin horretatik beherakoetan, EHBildu. Alderdi abertzaleetatik oso urrun azaltzen dira gainerakoak. PSE-EE, esate baterako, herritarren %5ek baino ez dute aipatu "Euskadiren interesen defentsaz" galdetu dietenean. Hortik  behera daude PP, Fronte Zabala eta Vox, %2 edo gutxiagorekin.

Herritarren jarrera eta balio politikoak

Politikarekiko interesak gora egin du, eta herritarren %52k diote "interes handia edo nahikoa" dutela. Interes hori bereziki da handia gizonen artean, unibertsitate-ikasketak dituztenen artean, ideologikoki ezkerrean kokatzen direnen artean, sentimendu abertzale handiagoa dutenen artean eta gizarte-maila ertain eta altuko pertsonen artean. Sinpatia handiena, berriz, EAJri diote herritarrek, 10 puntutik 5,1ekoa, eta gero dator EH Bildu, hamarretik 4,7 punturekin - PSE-EEk (4,4), PP (2), VOX (1). Horiek guztien kasuan, sinpatia bera da azkenekoz galdetu zenetik, baina Sumarren kasuan behera egin du. Lider politikoen balorazioari dagokionez ere, gauza bera errepikatzen da. Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria da puntuaziorik altuena duena (5,6), baina gertutik jarraitzen du Pello Otxandianok (5,4). Gainerakoek ez dute gainditzen: Eneko Andueza (4,3); Jon Hernandez (4,1), Amaia Martinez (3) eta Javier Andres (2,6).

Zerekin identifikatzen duten bere burua herritarrek? Bada, herritarren erdiak banio gehiagok zentroko posizioetan kokatzen du bere burua (%51). Heren batek (%33) ezkerrekotzat du bere burua, eta %9k, eskuinekotzat.  Gazteen artean, gehiago dira ezkerrekotzat dutenak beren burua, eta aldiz, 65 urtez gorakoetan, zentro posizioak dira nagusi. 

Erakundeekiko konfiantza

Konfiantza handiena unibertsitateak sortzen du inkestatutakoen artean. Herritarren %81ek dute konfiantza unibertsitatean. Gero datoz Eusko Jaurlaritza (%72), Eusko Legebiltzarra (%63) eta udalak (%61). Konfiantza gutxien sortzen duten erakundeak, berriz, alderdi politikoak dira (%13). Nolanahi ere, 2025arekin alderatuta, erakunde gehienekiko konfiantzak behera egin du.