Josteko makinen inguruko mahai-ingurua egingo dute bost museotako ordezkariekin

Asier Orbea Ostolaza

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, 'Josteko-makinak: ondarea gure eskuetan' izenburua duen mahai-ingurua egingo dute, gaur, Makina Erremintaren Museoan, 18:30ean.

Solasaldian bost museotako ordezkariek berba egingo dute: Cristobal Balenciaga Museoa, Armagintza Museoa, San Telmo Museoa, Gordailua eta Makina-erreminta Museoa. "Josteko makinen inguruan arituko gara, gure industria-ondarearen parte diren aldetik: haien balio historiko eta soziala, belaunaldien arteko ezagutzaren transmisioa eta museoek memoria partekatu honen kontserbazioan eta hedapenean duten zereginaren inguruan mintzatuko gara, besteak beste". 

Doakoa den arren, aldez aurretik izena eman behar da: 688 76 44 76 edo museoa@museoa.eus. 

Familia bisita, azaroaren 14an

Bestetik, azaroaren 14rako tailer bat antolatu dute: Familia bisita: ondarea gure eskuetan. Familientzat bereziki pentsatutako ekimena dela jakinarazi dute museoko arduradunek.  Partaideei banatuko dieten gida batekin eta museoko maskota Oliren eta Makiren laguntzarekin, behatzeko, jolasteko, deskubritzeko eta ikasteko jarduera dibertigarriak egingo dituzte. "Istorio harrigarriak deskubritzeko eta industria-ondarera modu dibertigarri eta parte-hartzailean hurbiltzeko aukera bikaina izango da", esan dute

10:30etik 13:30era egingo dute. Doakoa izango da.

Era berean, abenduaren 18ra arte egongo da zabalik museoan ikusgai dagoen Sigma Bebe eta bere laguntxoak izeneko erakusketa.