Zaporeak proiektukoek azaroaren 22an kozinatu eta banatuko dituzte azken otorduak Lesbosera (Grezia) ailegatzen diren errefuxiatuentzat. Eta, ez hori bakarrik, egitasmoak urte amaieran amaituko du bere elkartasun jarduna.
8 milioi otordu baino gehiago
Errefuxiatu-kanpalekuetan dauden pertsonei janaria prestatu eta banatzeko abian jarritako elkartasun ekimena da Zaporeak proiektua. 2016tik hona, hamaika urtez, 8 milioi otordu baino gehiago banatu dituzte Greziako hainbat tokitan. Chios uhartean hasi ziren errefuxiatuentzako janaria banatzen, eta Atenasera eta Patrasera zabaldu zuten gero haien jarduna. 2019ko urtarrilean jarri zuten martxan Lesbosen duten sukaldea. Han 3,12 milioi kilo lehengai erabilita prestatu dituzte otorduak. "Gure herri honetatik bidalitako 1.020.000 kilo lehengai, eta, 2.100.000 kilo produktu fresko Grezian zuzenean erosiak, orotara, 3.120.000 kilo baino gehiago lehengai erabili ditugu gure sukaldean", adierazi dute.
Lan boluntarioaren indarra
Zaporeak auzo-proiektu gisa jaio zen Donostiako Intxaurrondo auzoan, "larrialdi egoera bati" erantzuteko, hasieran, baina milaka boluntario batu ziren gero egitasmora. Adibidez, bi mila boluntariok baino gehiagok igaro dituzte zenbait aste Grezian, errefuxiatuentzako otordu beroak prestatzen. Izan ere, Zaporeak Proiektuaren ibilbidea ezin da ulertu boluntarioen lanik gabe. Greziara joandakoez gain, Euskal Herrian antolatutako ekimenetan eta herrietako taldeetan ehunka boluntariok parte hartu izan dute.
Debabarrenean, Zaporeak erronka
Boluntarioak izan dira proiektuaren "arima eta eskuak”, arduradunen berbetan, eta Debabarrenekoak izan dira horietako asko, Debabarreneko Zaporeak erronkari esker. Eibarko eta Ermuko lagun talde baten arteko ekimen txiki gisa abiatu zen 2019. urtean, eta urtez urte eskualde osoko elkartasun-kanpaina zabal bihurtu zen. Joan den martxoan egin zuten azkena izango dena, zortzigarren edizioa. Mallabian hasi eta Mutrikuraino, eskualdeko herri guztietan egin zituzten jaki bilketak, herri bakoitzean elikagai jakin bat batuz.
Ixteko erabakia eta arrazoiak
Zaporeakek ixteko erabakia azken hilabeteotan egindako hausnarketa eta azterketa prozesuaren ondorioa dela argitu zuten arduradunek Santa Teresa komentuan egindako prentsaurrekoan. Zehaztu zutenez, Europako Batasunaren migrazio politikak gogortu izanak, boluntarioen kriminalizazioak eta urteetako akidurak eragin zuzena izan du haien erabakian zein Lesbosen egiten zuten lanean.
Mugen kontrola zorroztu eta iritsierak mugatu egin direla azaldu dute. Greziara iristen diren errefuxiatuak, gainera, “kartzela bihurtzen diren errefuxiatu zelaietan” izaten dituztela adierazi dute, eta handik irteteko mugak dituztela. Egoera horren ondorioz, Zaporeaki hainbat egunetan otorduak banatzea debekatu diotela salatu dute. Horrekin batera, europar gobernuentzako lan egiten ez duten Gobernuz Kanpoko Erakundeek bizi duten egoera kezkagarria dela eta haien ahalegina mehatxupean dagoela salatu dute, honela: "Europara iristea lortzen duten pertsona errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko erabiltzen dugun bozgorailua isilarazi nahi dute, pertsona errefuxiatuak laguntzen diharduten boluntarioen jarduna kriminalizatuko dutenaren mehatxupean, pertsonen trafikoaren aitzakian bi urte arteko kartzela zigorrekin mehatxatuz".
Lesboseko errefuxiatu eremuan bizi diren pertsonen kopuruak gorabehera handiak lana zaildu diela ere nabarmerndu dute. "Mugimendua izugarria izaten ari da, etengabeko aldaketekin, gerta liteke egun batean 30 pertsona izatea, eta, hurrengoan 800. Azken hilabeteotan ez da 1.200 pertsona errefuxiatu baino gehiago egon. Kopuru aldaketa horrek, asko zailtzen du gure eguneroko lana, zentzu guztietan, baina, batez ere, logistika eta ekonomikoan. Ez da soilik zifren dantza, azken boladan hainbat egunez debekatu zaigu zelaian sartu eta otorduak banatzea", azaldu dute.
Kanpoko egoeraz gain, talde kudeatzailearen nekea eta akidura ere izan dira erabakia hartzeko arrazoiak. Hamaika urteko lana boluntario gisa egin dute, eta horrek dakarren “desgaste fisiko eta emozionala” nabarmendu dute. "Sukaldaritzaren bitartez mundua justuago izan daitekeenaren sinesmenean lan egin duen lagun kuadrila bat besterik ez gara. Eta apalsunetik, elkartasunaren gure ikuspuntutik egindako lan horrek guztiak ekarri du indar oro xahutu eta gure sukaldeko sua itzaltzeko momentua iritsi dela erabakitzea".
Lagun arteko proiektua zena, herri proiektu
Lesboseko sukaldeak ixtearena eta proiektuari amaiera ematearena proiektuak dituen 11 urte hauetan guztietan hartu behar izan duten erabakirik zailena izan dela azaldu dute proiektuaren sustatzaileek. "Sentitzen dugu Chiosera 2016an iritsi ginenean finkatutako helburu oro aise gainditu dugula, eta, horrela aldarrikatu nahi dugu. Larrialdi egoera hartan sei hilabetez laguntzeko sortutako proiektu hura, erreferente bihurtu da 11 urte hauetan zehar. Lagun arteko proiektu bat zena, auzo batean sortua, Herri proiektu bihurtu da. Bide orok izaten du bere helmuga, eta, gurea hemen amaitzen da, aurten bukatzen da".
Halere, aitortu zuten ez dela Zaporeaki eman nahi zioten amaiera: "Badakigu beti aldarrikatu dugula pertsona errefuxiatuek otordu bat behar zuten heinean, Zaporeak bertan izango zela kozinatzeko prest, gustatuko litzaiguke, eta honetan zalantzarik ez izan, ixtea jakinda pertsona horiek guztiak euren etxeetan zeudela, euren lurraldera itzuli zirela, pertsona errefuxiatuen krisiak izan zuela irtenbidea, baina, zoritxarrez ez da horrela izan. Gurekin daramatzagu gure otorduak jaso dituen pertsona errefuxiatu bakoitzak oparitutako irribarre, begirada eta keinu bakoitza. Gure sukaldeetako paretetan gordeak geratu diren oroitzapenak. Boluntario bakoitzaren lan eta maitasuna, baita jendarte guztiarena ere. Erakunde publiko eta enpresa pribatuen babesa. Gure sukaldea arpilatu dute, fisikoki erasotu gaituzte, Covid-aren gisako osasun krisia gainditu dugu, baina, horren guztiaren gainetik, ez dute lortu inoiz gure sukaldeko sua itzaltzea, gaur arte. Guztion artean, zuek eta guk, erakutsi dugu, batasunetik, elkartasunetik, edozer dugula posible, Eduardo Galeanok ondo zioen bezala: jende txiki asko, leku txikietan, gauza txikiak eginez, mundua alda dezake. Intxaurrondotik Greziara, auzo batetik, herrialde batera, gure apaltasunetik, duintasuna elikatu, itxaropena kozinatu. Hau izan da Zaporeak Proiektua. Mila esker guztioi bihotzez".

