Elaia Oiartzabal debarra eta Maite Mugartegi mutrikuarra dira Gipuzkoako Binakako Gomazko Paleta Txapelketako emakumezkoen bigarren mailako aurtengo txapeldunak. Joan den larunbatean (azaroak 14), Aldats pilotalekuan jokatu zen finalean, 26-30 gailendu zitzaizkien Maialen Rosa debarrari eta Amaia Aizpuru azkoitiarrari.
Iruleak Emakume Pilotariak klubeko bi bikoteen arteko finalak ikusmin handia piztu zuen herrian, eta zaleek ez zuten hutsik egin. Giro bikaina izan zen frontoian, eta herritar ugari bildu zen harmailetan, tartean pilotarien senideak eta lagunak, norgehiagokaz gozatzeko eta lau finalistak animatzeko.
Bi bikoteek neurketa luze, gogor eta estua jokatu zuten. Ia ordu eta erdiko lehiaren ondoren erabaki zen txapelduna. Tanto luze eta borrokatuak izan ziren nagusi, eta protagonistek eurek aitortu zutenez, "ohikoa baino luzeagoa" izan zen.
Markagailuan etengabe izan ziren berdinketak; joan-etorri horretan, bat zein bestea izan ziren aurretik
Urdinek (Oiartzabal-Mugartegi) atera zuten sakea, baina lehen tantoak gorrien (Rosa-Aizpuru) aldekoak izan ziren. Gorriak aurretik jarri ziren hasieran, baina Oiartzabalek eta Mugartegik azkar erantzun zuten, eta zazpigarren tantoan berdinketa lortu zuten. Hortik aurrera, markagailuan etengabe izan ziren berdinketak; joan-etorri horretan, bat zein bestea izan ziren aurretik, betiere alde gutxiarekin.
21. tantoan izan zen azken berdinketa, eta une horretatik aurrera, Oiartzabalek eta Mugartegik hartu zuten partidaren agintea. Hasieran pare bat tantoko aldearekin eta, pixkanaka, tartea handituz joan ziren. Rosak eta Aizpuruk, hala ere, ez zuten amore eman, eta aurkariak estutzen saiatu baziren ere, ezin izan zioten emaitzari buelta eman. Azkenean, 26-30 urdinen alde geratu zen markagailua.
Irabazleak pozarren
Txapelak buruan eta garaikurra eskuetan, pozik agertu ziren Oiartzabal eta Mugartegi. Oiartzabalek, esaterako, azken unera arte izan zen ziurgabetasuna nabarmendu zuen: "Sentsazioak oso onak izan dira. Uste dut bi bikoteok partida oso ona egin dugula; izan ere, nahiko berdinduta ibili gara partida osoan. Bukaeran, tentsioa izan da nagusi. Poliki-poliki joan gara aurreratzen, azken momentura arte jakin gabe zeinek eramango zuen txapela".
Mugartegi ere azken tantoetako urduritasunaz jardun zen: "28ra iritsita geunden, eta irabazteko bi tanto baino ez zirela falta, hiruzpalau tanto egin dizkigute segidan, eta urduri ibili gara". Hala ere, garaipenak zapore gazi-gozoa ere utzi ziela aitortu zuen mutrikuarrak: "Argi zegoen batek galdu egin behar zuela eta besteak irabazi. Berdin zion zeinek irabazi; horrekin ere pozik geratuko ginateke".
Txapelak buruan eta garaikurra eskuetan, pozik agertu ziren Oiartzabal eta Mugartegi
Biek eskerrak eman zizkieten harmailetan bildutako zaleei: "Eskerrak eman nahi dizkiegu frontoira gu ikustera eta animatzera etorri diren guztiei; sekulako giroa izan dugu".
Eta, bide batez, emakumeen pala sustatzeko deia ere luzatu zuten. "Gure helburua da emakumeen pala bultzatzea, eta jende gehiago ikustea jokatzen eta baita ikusten ere". Testuinguru horretan, gogoratu dute txapelketan aritzeko bi bikote aurkeztea lortu dutela, baina ez dutela ordezkorik izan. "Ordezkorik gabe aritu gara jokatzen, eta, hori horrela, urte osoan lesiorik ez izateko ardurarekin aritu gara. Jendea animatu nahiko genuke jokatzera; izan ere, horrela lasaiago jokatuko genuke".
Aurkariak ere gustura egindako lanarekin
Txapela eskuratu ez bazuten ere, Maialen Rosa eta Amaia Aizpuru ere gustura agertu ziren egindako lanarekin. Rosak partidaren maila eta frontoian sortutako giroa nabarmendu zituen: "Partida polita izan da, hasieratik planteamendu polita izan dugu, eta Deba-Debaren kontra jokatzea plazer bat izan da. Txapela ez dugu etxera eraman, baina gustura geratu gara egindako partidarekin, eta publikoak ere hala eskertu digula uste dut".
Aizpuruk, berriz, norgehiagokaren gogortasuna eta iraupena azpimarratu zituen. Bere esanetan, ez zen tantoak azkar amaitzeko moduko partida izan. "Nire ustez, ez da bi pareta jo eta tantoa bukatzeko partida bat izan; jokatu dugun pilota hori horrekin eman eta eman ari behar izan dugu, eta horrek luze egin du partida. Partida orekatua izan denez, horrek guztiz luzatu du lehia".
Taldekideek detaile txiki bat eduki nahi izan Amaia Aizpururekin, delegatu gisa egindako lana emandako laguntza guztia eskertzeko
Amaitzeko, biek adierazi zuten esperientziaz gozatu dutela, eta berriz ere finalera iristeko lanean jarraituko dutela. Umorez iragarri zuten, hurrengo entrenamenduan bertan errebantxa eskatuko zutela.
Eskertza Aizpururi
Sari banaketaren ostean, une berezi eta hunkigarria bizi izan zen kantxan bertan. Taldekideek detaile txiki bat eduki nahi izan Amaia Aizpururekin, delegatu gisa egindako lana emandako laguntza guztia eskertzeko.
Argazkiez osatutako collage bat oparitu zioten azkoitiarrari, eta hark txalo artean eta irribarretsu jaso zuen oparia, taldekideen besarkadekin batera.