Euskal kulturaren aberastasuna eta aniztasuna ezagutzeko gonbita egingo duen Durangoko Azokaren nondik norakoak atzo aurkeztu zituzten, Durangon bertan, Musika Eskolan. Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako koordinatzailea nahiz egitaraua antolatzen lanean ari diren guneetako arduradunak izan ziren agerraldian.
Eskaintza "ederra" izango dela adierazi zuen Gaztelurrutiak, eta horren erakusgarri diren datuekin borobildu zuen baieztapena: Landako Gunean 286 erakusmahai egongo dira, 174 partaiderekin; bertan, aurten argitaratutako 1.098 kultur nobedade izango dira eskuragarri –681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta beste 156 argitalpen, hala nola jolasak, laminak eta papertegiko produktuak–. Era berean, 311 ekitaldi antolatu dituzte.
"Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau anitza eta aberatsa izango dugu aurten. Horregatik, jaialdi honetan murgiltzeko eta arakatzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da", azpimarratu zuen Gaztelurrutiak.
Bost egunez
Abenduaren 4an hasiko da 61. Durangoko Azoka, Ikasle Goizarekin, eta abenduaren 8ra arte egongo da zabalik, 10:30etik 20:00etara. Azken egunean, baina, 18:00etan itxiko dute.
Nolanahi ere, azoka itxi ondoren ere egongo da zer egina Durangon, kontzertuak ere antolatu baitituzte. Abenduaren 4an, adibidez, Beire eta Topet taldeek joko dute, 5ean Mikosis eta Top arituko dira, 6an Peiremansen kontzertua izango da eta 7an Verde Prato, Silitia eta Malakiasek eskainiko dituzte emanaldiak.
Kontzertuez gain, beste hainbat ikuskizun ere izango dira iluntzean: abenduaren 5ean, Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa; 6an, Oraingoz izen gabe filma; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua. Bestalde, iazko Sormen Bekaren irabazleen lana ere aurkeztuko dute azokan, hilaren 5ean.
Guneak ere iazko berak izango dira, zortzi guztira: Talaia, Berbagailua, Atartea, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia.
Interesa dutenek Durangoko Azokaren webgunean ikus dezakete egitarau osoa.