Iruleak Emakume Pilotariak kirol klubak eta Debako Udalak antolatuta, larunbatean (azaroak 21) jokatu zituzten Nesken XIV. Pala Txapelketa-XI. Maite Etxeberria Oroimenezkoaren finalak. Aldats pilotalekuko harmailak zaleez bete ziren, eta ikusleek maila handiko bi final eta lehia estuak ikusteko aukera izan zuten.
Ohiturari jarraituz, jardunaldia finalisten aurkezpenarekin eta agur dantzarekin abiatu zen. Ondoren, bigarren mailako finalari eman zioten hasiera. Debarren arteko norgehiagokan, Marilu Albizu eta Monika Salegi (gorriz) eta Sheila Gonçalves eta Amaia Zinkunegi (urdinez) izan ziren aurrez aurre.
Hasierako txanpan bi bikoteak pare-parean ibili ziren, 6na berdinduta ere ibili ziren. Hortik aurrera, ordea, bikote gorriak erritmoa bizitu eta markagailuan tartea zabaltzea lortu zuen. Urdinek emaitzari buelta emateko ahalegina egin bazuten ere, azkenean, Albizu eta Salegi 22-14 gailendu ziren, eta txapela jantzi zuten.
"Gustura" elkarrekin
Txapela soinean, pozarren agertu ziren Albizu eta Salegi. Albizuk azaldu zuenez, urtero hartu izan du parte txapelketan, baina aurten lortutako lehen txapelak "ilusio berezia" egin dio. Salegirentzat, aldiz, bigarren garaipena izan da; duela bi urte irabazi zuen lehenengoa, Irati Albizu alabarekin batera.
Biak ala biak gustura aritu dira bikote gisa. "Aurtengoa elkarrekin jokatu dugun lehen aldia izan da, eta, egia esan, oso ondo moldatu gara. Garrantzitsuena da presiorik gabe eta gozatuz ibili garela", adierazi zuten.
Txapelketa, gainera, ezin hobeto amaitu dute, partida guztiak irabazita. Hala ere, txapela lortzeko bidea ez dela erraza izan nabarmendu zuten: "Partidaz partida eta lan asko eginda" iritsi baitira garaipenera.
Finalari dagokionez, hasierako urduritasuna gainditu behar izan zutela azaldu zuten: "Egia esan, hasieran oso urduri ibili gara. Oso parekatuta hasi gara, eta asmatzeko eta tantoa egiteko oso zail jarri dizkigute gauzak Sheilak eta Amaiak. Partidaren azken aldera, agintea hartu dugunean, lasaitzen hasi gara eta aldea handitzea lortu dugu. Hala ere, tanto bakoitza gogor borrokatu behar izan dugu».
Emozioa, azken tantora arte
Bigarren mailako finalaren ostean, lehen mailako finalistak kantxaratu ziren. Alde batean, Maialen Rosa eta Naroa Rosa ahizpa debarrak (gorriz); bestean, Maite Mugartegi eta Eva Ibarrola mutrikuarrak (urdinez). Bi bikoteek partida ikusgarria eskaini zuten, tentsioz, tanto luzez eta emozioz betea.
Neurketa oso parekatua izan zen hasieratik bukaerara. Ordu eta erdi inguruko norgehiagokan, pilotariek tanto bakoitza gogor borrokatu zuten, eta jokaldi askok hainbat minutuko iraupena izan zuten. Azken tantoak, esaterako, zazpi minutu inguru iraun zuen; beste hainbat ere bost minututik gorakoak izan ziren.
Debarren alde hasi zen partida. Gorriek hartu zuten lehen unetik markagailuaren agintea, eta 6-2 aurreratu ziren. Mutrikuarrek, ordea, erreakzionatu eta markagailua berdintzea lortu zuten. Lehen berdinketa 10na tantotan iritsi zen, eta handik gutxira urdinak aurretik jarri ziren (10-11).
Gerokoan, lehia are estuagoa bihurtu zen. Berdinketak bata bestearen atzetik etorri ziren, eta ez zen erraza izan markagailuan alde egitea. Azken txanpan, ordea, Rosa ahizpek berriro hartu zuten aurrea (19-14 ere joan ziren irabazten).
Baina, partida gorrien alde erabakita zegoela zirudienean, 21-18 aurretik ziren gorriak, urduritasuna garesti ordaindu zuten gorriek. Izan ere, atzetik aurrera etorrita, aldea estutzea lortu zuten urdinek, eta lau lau tanto erreskadan egin ondoren, azken tantoan erabaki zen finala, 22-21, urdinen alde.
Pozik txapelarekin
Ibarrola eta Mugartegi pozik agertu ziren txapelak soinean zituztela. Ibarrolak azaldu zuenez, txapelketan lortzen duen hirugarren txapela zen; Mugartegirentzat, ordea, lehenengoa zen.
Nabarmendu zutenez, atzetik aurrera etorritako garaipena izan zen: "Gehiago ibili gara atzetik aurretik baino. Oso partida gogorra izan da, eta tanto oso luzeak izan dira nagusi. Neurketa hasi denean irabazteko esperantzak genituen, baina partida aurrera joan ahala aukera guztiak galdu genituela ere iruditu zaigu".
Mugartegik, gainera, Maialen Rosarentzako hitz batzuk ere izan zituen: "Nahiz eta galtzen joan, lasai nengoen, txapela Maialenentzako zelako; benetan merezi zuela iruditzen zitzaidan. Azkenean, garaipena ez ospatzen amaitu dut; niretzako bera zen onena, alde handiarekin, eta berak merezi zuen gaur txapela janztea. Baina batzuetan onenek ez dute irabazten". Bere bikotekidearen lana ere goraipatu nahi izan zuen. "Ez pentsa, guk ere ez dugu gaizki jolastu. Evak ere oso ondo erantzun du atzean, eta oso ondo eutsi dio Maialeni".
Hirugarren eta laugarren postuak
Hirugarren eta laugarren partidak erabakitzeko partidetan ere ez zen emoziorik falta izan. Asteazken iluntzean (azaroak 18) jokatu zuten bigarren mailako norgehiagoka, eta han ere azken tantoan erabaki zen irabazlea: Onintza C. Sukia eta Oihana Lazkano debarrentzat izan zen hirugarren postua, 22-21 irabazi baitzieten Maider Urbieta zumaiarrari eta Maitane Oliden zarauztarrari.
Lehen mailako norgehiagoka, berriz, final handien aurretik jokatu zen, larunbatean bertan. Han ere emozioa azken unera arte izan zen nagusi, baina azkenean Iratxe Astigarraga debarraren eta Yoli Mateos elgoibartarraren alde erori zen neurketa; 22-20 irabazi zieten Leyre Paredes eta Karmele Martinez zarauztarrei.
Sari banaketa
Eguna talde-argazkia aterata eta Ozio-Bide elkarte gastronomikoan urtero parte-hartzaile guztiek egiten dute bazkariarekin borobildu zuten; baina aurretik, sari banaketa eta bazkideen arteko zozketa ere egin zituzten.
Tartean, Maite Etxeberria sari berezia banatu zuten. Aurten, Oihana Lazkanok, Maddi Ciaranek eta Amaia Furonesek jaso zuten aitortza, "klubean egiten ari diren lanagatik". Hirurek pozarren hartu zuten saria, Imanol Etxeberriaren eskutik.
Iruleakeko ordezkariek nabarmendu dutenez, "gaztetxoei klaseak emanez zaletasuna zabaltzen aritzeagatik eta behar den guztietan edozer egiteko prest egoteari esker" eman diote saria Lazkanori; Ciaran eta Furones, aldiz, "txapelketan egutegia egiten eta hainbat lanetan hartzen duten konpromisoagatik" saritu nahi izan zituzten.
Amaia Aizpuruk ere aitortza berezia jaso zuen. Klubak sari berezi bat eman zion, "batez ere federatuekin egiten ari den lanagatik: federatuen partidak antolatzen, partidak jartzen eta zuzendaritzan duen inplikazioagatik".