Maliko eta Ukrainako proiektuak laguntzen dituzte, besteak beste, Soraluzen egindako hari-lan solidarioak baliatuta

Ubane Madera Zangitu

Soraluzeko hari-lan solidarioko jostun-taldeak aurten ere lan mordoa egin ditu: mantak, txanoak, bufandak… Eta joan den astean, Debako Kooperazio Taldeko ordezkariak etorri ziren haien bila.  Esplikatu zutenez, besteak beste, Maliko eskola bati eta Ukrainako Orane inguruetako beste eskola bati laguntzeko saltzen dituzte Soraluzen -eta Bergaran- egindako lanak Debako elkartasun dendan. Hiru urte daramatzate soraluzetarrak Debako Kooperazio Taldearekin elkarlanean. 

Aurten ere denetarik egin du hari-lan solidarioen proiektuaren baitan Soraluzen dagoen jostun-taldeak: txanoak, jertseak, bufandak, mantak… koloretsuak eta samurrak guztiak ere; asko, umeendako. Egin dituzte artilez, kakorratzez, ehoziriz… Ana Ollaren eta Charo Fernandezen gidaritzapean. 

Azken hiru urteotan, Debako Kooperazio Taldeari ematen dizkiote egindako lan horiek, eta, debarrek hango elkartasun dendan saltzen dituzte, batutako diruarekin nazioarteko zenbait proiektu gauzatzeko. Aurten, Debako Kooperazio Taldeko ordezkariak Soraluzen izan dira, lantzen ari diren proiektuen berri soraluzetarrei zuzenean ematen.

Haiek kontatu zutenez, Maliko eskola bati eta Ukrainako Orane inguruetako beste eskola bati laguntzeko saltzen dituzte lanak Debako elkartasun dendan, besteak beste. 

Xehetasunen arabera, adibidez, Ukrainan 40 ume baino gehiagori fruta eta gailetak ematen zieten egunero eskolan, harik eta gerra hasi zuten arte. Malin, berriz, 700 ikasle dituen komunitate kristau bati laguntzen diote. Esan zuten ere Ekuadorrekin ere kolaboratzen dutela, Kenian ere bai hango emakume talde batkin… Eta hori guztia egiten dutela Donostiako Caritasen bitartez.

Soraluzeko jostun-taldean 20 emakume baino gehiago elkartzen dira astean behin eta hari-lanak egiten zein ikasten dituzte. Aurten, 25 bat lagun ari dira Tolarekua aretoan. Astean behin, pare bat ordu egiten dituzte elkarrekin.