Lizagasar Sagartokiko Asier Lizarraldek jaso du Gipuzkoako Enpresari Gazteen Sarietako bat

Asier Orbea Ostolaza

Gipuzkoako Enpresari Gazteen Elkarteak (Ajebask Gipuzkoa) banatu dituen hiru sarietako bat eskuratu du Lizagasar Sagartokiko Asier Lizarralde Arrillaga elgoibartarrak. Era berean, Eibarko Urkotronik Vending enpresak ere jaso zuen aitortza berezia, lehiaketatik kanpo.

Ajebask Gipuzkoak bigarrengoz banatu ditu sariok, eta lau enpresari gazte eta haien proiektuak aitortu dituzte lurraldearen garapen ekonomikoan, berrikuntzan eta jasangarritasunean egindako ekarpenagatik. Antolatzaileek zehaztu dutenez, lurraldeko enpresari gazteen talentuari ikusgarritasuna emateko, erreferenteak sustatzeko eta lurraldean jarduera ekonomikoa, enplegua, berrikuntza eta eragina sortzen dituzten ekimenak aitortzeko banatzen dituzte sariok. Parte hartzeko baldintza nagusiak ziren 45 urte edo gutxiago izatea eta gutxienez 40.000 euroko fakturazioa izatea azken ekitaldi itxian (ikus oinarriak). Donostiako GU aretoan egin zuten sari banaketa ekitaldia, azaroaren 19an. 

Asier Lizarralderi Enpresa Jasangarritasunaren Ecoembes Saria eman diote, hau da, enpresaren kudeaketan jasangarritasuna modu eraginkorrean txertatzeagatik jaso du aitortza.

Sari nagusia, 2026ko Gipuzkoako Enpresari Gaztearen Saria, Alain Vivas Martínez de Lahidalgak jaso zuen, Arrasaten dagoen Zerbimek mekanizazio konpainiako arduradunak. Lidergoa, enpresa-ibilbidea, enplegu-sorrera eta lurraldearekiko konpromisoa aitortzen ditu sari horrek.

Neety.io proiektuko arduradun Unai Arambarri Yereguik jaso zuen Berrikuntzaren Eroski Saria. Donostian sortutako startup bat da Neety.io, B2B salmenta-prozesuak optimizatzeko adimen artifizialeko plataforma bat garatu duena.

Azkenik, Belaunaldi Erreleboaren Rural Kutxa Aitortza jaso zuen Eibarko Urkotronik Vending enpresako zuzendaria den Sara Abad Cabok. Familia-enpresetan belaunaldi-txanda arrakastaz gauzatu duten ekimenei egiten zaien ohorezko aipamena da.

Alain Vivas, Zerbimek enpresakoa, saria jasotzen. Ajebask.

Unai Arambarri, Neetu.io-koa saria jasotzen. Ajebask

Sara Abad Cabo, Urkotronik Vending enpresakoa, saria jasotzen. Ajebask