"Aurten, Euskal Herrian, 5.800 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima eta 7.000 eraso erregistratu dira", ohartarazi dute. Hala ere, gogorarazi dute genero indarkeria ez dela norbaiti fisikoki min egitera mugatzen, eta jarrera eta jokabide matxistak uneoro errepikatzen direla gure gizartean. Jokabide batzuk, baina, oharkabea pasatzen zaizkigula ohartarazi dute, eta horren harira, adibidez, broma matxistei barrerik ez egitearen garrantzia azpimarratu dute. "Ez izan konplize: salatu, ez egin barrerik eta har dezagun denok gure gain dagokigun erantzukizuna". Era berean, argi utzi dute manifestu honetan jasotakoa ez dela Azaroaren 25era mugatzen, indarkeria matxistaren kontrako borroka ez delako urtean egun bakarrera mugatzeko kontua. "Ez du balio azaroaren 25ean bakarrik gogoratzeak; eguneroko begirada, kontzientziazioa, ahotsa eta ekintza zuzenak behar dira matxismoa amaitzeko", nabarmendu dute
Hona hemen, manifestu osoa, hitzez hitz:
"Azaroaren 25a emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da, genero indarkeria giza eskubideen urraketa dela gogorarazteko eguna. Aurten, Euskal Herrian 5800 emakume izan dira indarkeria matxistaren biktima eta 7000 eraso erregistratu dira. Ez da eremu pertsonal edo pribatukoa, edota bi pertsonen artekoa, ezta “gaixo” batzuen ekintza ere. Jokabide horiek, behin eta berriz errepikatzen dira gure egunerokotasuneko esparru gehienetan: soldata arrakaletan, telebistan, publizitatean, bideojokoetan... emakumeak etengabe sexualizatuta eta eginkizun apal edo zapalduak ikustera ohitu gaituzte.
Nork ez du entzun "bromaren" bat? Barneratuta ditugun txantxa matxistetan ere badago indarkeria. Txiste bat egiteagatik edo "broma bat besterik ez zela" esateagatik edozein astakeria botatzeko eskubidea dugula uste dugu, barregarria delakoan. Baina argi izan dezagun: genero-indarkeria ez da bakarrik norbait fisikoki erasotzea edo bortxatzea, txantxa horiekin guztiekin matxismoari bidea irekitzen diogu eta babesa ematen diogu. Broma horiek barrez jarraitzen ditugun bakoitzean, errudun eta konplize bilakatzen gara.
Hori dela eta, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurkako protokoloek gure erakundeetan duten garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarkeria matxistaren aurrean ezer ez egiteak hura legitimatzea esan nahi duelako, horretaz ez hitz egiteak ez duelako desagerraraziko, eta uste dugulako, balio feministetan oinarritutako erakunde gisa, indarkeria matxistari aurre egin behar diogula.
Gure konpromisoa gaurko egunean manifestu bat entzuteko biltzeaz haratago doa. Ez du balio azaroaren 25ean bakarrik gogoratzeak; eguneroko begirada, kontzientziazioa, ahotsa eta ekintza zuzenak behar dira matxismoa amaitzeko. Ez gaitezen konplize izan: salatu, ez egin barrerik eta har dezagun gure gain dagokigun erantzukizuna. Erasotzaileek tokirik izan ez dezaten, batu gaitezen borrokara,
Gora borroka feminista!"