Asier Azkaratek eta Aitziber Olaizolak irabazi dute Euskal Herriko 36. Hiru Txirlo Bola-joko Txapelketa

Asier Orbea Ostolaza

Euskaldun Herriko txapelketan saritutako bolari guztiak Aiastiako elkartean.

Aiastiako bolatokian jokatu zuten azken jardunaldira lidergoan ailegatu zen Asier Azkarate bolari bergararrak irabazi du txapelketa. San Migel taldeko bolariak nabarmendu dira azken sailkapenetan, taldekakoa, bikotekakoa eta generokakoa irabazi baitituzte.

Bergara taldeko kide Asier Azkaratek lau txirloko aldearekin hasi zuen azken tiraldi erabakigarria, eta aldeari eutsi zion, gutxigatik izan bazen ere. Azkarateren taldekide Anartz Esteban eibartarra izan da txapeldunorde, Azkaratek baino txirlo bat gutxiago botata. Asier Azkaratek 22 txirlo bota ditu sei jardunaldietan eta 21 txirlo Anartz Estebanek. Elgeta taldea ordezkatzen duen Bittor Astigarraga eibartarrak eskuratu du sailkapen nagusiko hirugarren postua. San Migel taldeko bi bolari sailkatu dira, hurrenez hurren, laugarren eta bosgarren postuetan: Jon Ibarluzea eta Xabier Loiola (sailkapenak beherago). 

Jabier Osororentzat Aiastiako tiraldia

Azken tiraldian 76 bolarik hartu zuten parte eta San Migel taldeko Jabier Osorok eskuratu zuen garaipena, 7 txirlo botata. Bittor Astigarraga (Elgeta taldea) sailkatu zen bigarren postuan, eta Xabier Loiola (San Migel) hirugarrengoan, biak 6 txirlorekin. Gorka Etxaniz (Floreaga), Gotzon Uranga (Lastur) eta Jon Aransolo (Mx3T) sailkatu ziren laugarrengotik seigarren postuetara.

Aiastiako tiraldiko lehen sei sailkatuak. Jabier Osoro elgoibartarra izan zen irabazlea.

Hiru titulu San Migel taldekoentzat

San Migel taldeko bolariak maila onean aritu dira txapelketa osoan, eta etxean jokatutako azken jardunaldiari ere atera zioten probetxua, hiru txapel irabazteko. Batetik, emakumezkoen txapela eskuratu zuen Aitziber Olaizolak. Bestetik, bikotekako lehian, Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea lehengusuen burura joan ziren jokoan zeuden txapelak. Laugarren postuan hasi zuten azken jardunaldia, baina Aiastiako bolatokiak sekretu gutxi du bi haientzat eta tiraldia eta sailkapen nagusiko lehen postua lortu dituzte. Alex Campos eta Ganix Rodríguez eibartarrak izan dira txapeldunorde bikoteka eta Mikel Almorza eta Asier Azkarate bergarrarentzat izan da hirugarren postua.

Azkenik, taldeka San Migel taldea gailendu da, Asola Berri eta Elgeta taldeei aurrea hartuta. Aitziber Olaizolak, Angel Ibarluzeak, Javier Osorok, Unai Loiolak eta Xabier Loiolak osatu dute taldekako talde irabazlea. 


Sailkapen nagusia:

  1. ASIER AZKARATE 22 txirlo
  2. ANARTZ ESTEBAN 21 
  3. BITTOR ASTIGARRAGA 21 
  4. JON IBARLUZEA 19 
  5. XABIER LOIOLA 19 
  6. GANIX RODRIGUEZ 18 
  7. ANGEL IBARLUZEA 17 
  8. ALEX CAMPOS 17 
  9. GARIKOITZ RODRIGUEZ 16 
  10. BONI PLAZA  15 

Emakumezkoen sailkapena

  1. AITZIBER OLAIZOLA 14 txirlo
  2. NAHIA ETXABURU 11 
  3. ENARA MONTIEL 10 

Gazteen sailkapena

  1. LUKEN MARTINO 12 txirlo
  2. AXEL SIXTO  4

Beteranoen sailkapena

  1. BITTOR ASTIGARRAGA 21 txirlo
  2. BONI PLAZA 15 
  3. SEBASTIAN ARANZABAL 15

Bikotekako sailkapena:

  1. XABIER LOIOLA / ANGEL IBARLUZEA 36 txirlo
  2. ALEX CAMPOS / GANIX RODRIGUEZ 35
  3. MIKEL ALMORZA / ASIER AZKARATE 34

Taldekako sailkapena

  1. San Migel A taldea 71 txirlo
  2. Asola Berro 63 txirlo
  3. Elgeta 59 txirlo
  • Gipuzkoako Bolari Onena: Bittor Astigarraga 51 txirlo
  • Bizkaiko Bolari Onena: Boni Plaza 59 txirlo
  • Arabako Bolari Onena: Kepa Etxeberria 11 txirlo

Azken tiraldia jokatu ostean, bolari guztiek elkarrekin bazkaldu zuten Aiastiako elkartean, eta sari banaketa ekitaldia egin zuten gero. Honatx, txapelketaren aurtengo ekitaldian nabarmendu diren bolariak, antolatzaileek helarazitako argazkietan: