Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, GI-3210 errepideko zirkulazioa aldizka itxita egongo da, Itziarko gaina eta Azkoitia Azkarateko gainetik barrena lotzen dituen errepidean egiten ari diren lanen ondorioz.
Lanak, zehazki, errepideko 4+480. kilometro puntuan egiten ari dira, Itziar eta Lastur artean, Endoiarako bidegurutzetik gertu, eta Mendebaldea 2026 aldi baterako enpresa elkarteak gauzatuko ditu. Aldunditik jakinarazi dutenez, eremu osoa behar bezala seinaleztatuta egongo da.
Atzo (azaroak 23) ekin zieten errepidea egonkortzeko eta lur-jausiak kaltetutako zabalgunea finkatzeko lanei, eta, aurreikuspenen arabera, bi aste inguru beharko dituzte horiek amaitzeko. Ohartarazi dutenez, obrak segurtasunez eta behar bezala gauzatu ahal izateko, ibilgailuen joan-etorria eten egingo dute tarteka.
Langileak 09:00etatik 17:00etara arituko dira lanean, eta gutxi gorabehera 15 minutuko mozketak egingo dituzte bi noranzkoetan, lanen beharren arabera. Hortaz, errepidea erabat itxita dagoen tarte horietan, zirkulazioa N-634 eta GI-2634 errepideetatik desbideratuko dutela ohartarazi dute.