'Basajaun'-en heriotza argitu nahi duen Egia Ilunpetik Argira ekimena aurkeztuko dute gaur Deban

Izaro Aulestiarte Lete

Egia Ilunpetik Argira ekimenaren aurkezpena, Oñatin, ekainean. Arg.: Goiena

Josu Zabala Salegi Basajaun-en heriotza argitzeko helburuz ari da lanean Egia Ilunpetik Argira, eta herri ekimena Deban aurkeztuko dute gaur arratsaldean. 19:30erako jarri dute ordua, Kultur Elkartean.

29 urte igaro dira Josu Zabala Salegi Basajaun ETAko kidearen gorpua Mendata gainean agertu zenetik, tiroz hila, eta, ordutik, benetan gertatu zena argitu nahian ari dira familia eta gertukoak. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalak bere buruaz beste egin zuen, baina azalpen edo interpretazio hark ez zituen haren ingurukoak ase; familia eta lagunek inoiz ez dute bertsio ofiziala sinetsi.

Bada, gertatu zena argitzeko asmoz jarri dute martxan Egia Ilunpetik Argira dinamika, "instituzioek egin gabe utzi zuten ikerketa egin eta Zabalaren heriotzaren atzean dagoen egia azaleratzen saiatzeko". Ikerketa bat egiten ari da Pako Aristi kazetaria, eta dokumental bat ere onduko dute.

Gaur, herri ekimena aurkeztu eta ikerketa horren berri emango dute Egia Ilunpetik Argira taldeko kideek, Debako Kultur Elkartean. 19:30ean hasiko da ekitaldia.