Mikel Larrañaga, Nora Astigarraga eta Esperientzia eskola saritu dituzte Gure Balioak sarietan

Ainhoa Andonegi Alonso

Gure Balioak sariak banatu zituzten atzo iluntzean, Elgoibarko Herriko Antzokian.

Atzo iluntzean, Debegesak antolatuta, Gure Balioak sarien 12. edizioko ekitaldia egin zuten Elgoibarko Herriko Antzokian. Bertan, tokiko erakundeetako ordezkariak eta herritarrak batu ziren, bailaran ekintzailetzan eta gizarte ekimenetan nabarmendu diren eragile eta pertsonei aitortza egiteko. Ekitaldia Biraka Dantza Taldeak ireki eta itxi zuen, eta Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkate eta Debegesako lehendakariak ere hartu zuen hitza ekitaldiaren hasieran. 

Gazte Ekimenaren saria Barre zentroari 

Gazte Ekimenaren saria Nora Astigarraga elgoibartarrak jaso zuen, Elgoibarren kirola eta ongizate fisikoa uztartzen dituen Barre Mugimendu Zentroa jarri berri duen ekintzaileak. Epaimahaiak honako arrazoi hau aipatu zuen saria emateko: "Eskualdean duen errotzeagatik, merkatuaren benetako behar bati erantzuten dion negozio-eredu sendoagatik eta sari horrek proiektuaren garapenean izango duen bultzada zuzenagatik". Astigarragak Maialen Gurrutxaga Elgoibarko alkatearen eskutik jaso zuen saria: 2.000 euro eta urtebeteko aholkularitza pertsonalizatua.

Gizarte ekimenaren saria Esperientziaren Eskolari

Gizarte Ekimenaren saria Ikasten elkarteari eta bere Esperientziaren Eskola ekimenari eman zioten. Epaimahaiaren esanetan: "Epaimahaiak proiektu guztien maila aztertu ostean, bereziki baloratu du haren boluntariotza-kutsu handia, eskualde osoan duen errotze sakona eta gizarteari egiten dion itzulketa eta eragin zuzena". Amaia Enparan Laboral Kutxako ordezkariak eman zien saria: 2.000 euroko laguntza eta proiektua sustatzeko babesa.

Bizitza osoko ibilbidea saria Mikel Larrañagari 

Azkenik, aitortza nagusia, bizitza osoko ibilbideari eskainitako saria, Mikel Larrañaga Mandiolari (Eibar, 1946) eman zioten. Epaimahaiak baloratu du Larrañagak bere ibilbide osoan "eskualdeari egin dion ekarpena, euskararen, kulturaren, kirolaren eta elkarbizitza demokratikoaren arloetan". Oihane Ortega artistaren Muin-fluxua artelana jaso zuen sari gisa, Amagoia Pascual Debegesako zuzendariaren eskutik. ​​​​​Larrañaga, besteak beste, trantsizio osteko Eibarko lehen alkatea izan zen, eta Euskaraz eta kitto! udal-bando ezaguna kaleratu zuen. Horrez gain, lotura estua izan du SD Eibarrekin eta beste hainbat eragile eta ekimen sozialekin.