Hamaika ahots eta testigantza Ongizatearen Plaza ekimenaren lehen egunean

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko otsailaren 27a

Ariketa fisikoa, bakardadearen gaineko film laburrak, buru osasunaz berba egiteko zuzeneko podcast-a eta emakume ahaldunduen solasaldia izan ziren atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak Eibarko Errebal merkatuan antolatu dituen Ongizatearen Plaza jardunaldiaren lehen egunean.Gaur, ostirala, beste lau ekitaldi izango dira sare sozialak eta elikadura ardatz hartuta. 

Hamaika ahots entzun ziren atzoko egunean zehar Errebal merkatuan, ongizatearekin zerikusia duten gaien inguruan diharduten herritarrenak. Goiza ariketa fisikoa eta mindfulnees eginez hasi zuten eta ostean, Ados Teatroak ekoitzi eta bakardadearen gaineko testigantzak ematen dituzten film laburrak poriektatu zituzten. 

Arratsaldean, berriz, bi mahainguru egin zituzten. Lehenengoan, buru-osasuna izan zuten berbetagai eta Why Not Fundazioaren eskutik hiru ataleko podcasta grabatu zuten. Bertan parte hartu zuten Eibar Genuine futbol taldeko partaide eta laguntzaileek, Agifesekoek eta Garaguneen proiektukoek. Hauek buru-osasunaren inguruko sare eta ekimenen berri eman zuten eta baita esperientzia pertsonalak kontatu ere. Azpimarratu zituzten idea garrantzitsuenetako batzuk ondorengoak izan ziren: "buru osasun arazoak gutxi asko denok ditugu, nahiz eta pertsona batzuen kasuan larriagotu egiten diren; gaur egun buru osasunari dagozkion arazoak tratatzeko gizarte sare eta zerbitzu profesional egoki asko dago eta hori oso lagungarria da; lehen pausoa da gaixotasunaren kontzientzia hartzea, laguntza eskatu ahal izateko;  gizartearen estigmak hor jarraitzen du eta hobetzen jarraitu behar dugu". Gaixotasunaren kontzientzia hartzea garrantzitsua da laguntza eskatzeko garaiz.

Bigarren mahai ingurua bost emakume eibartarrek osatu zuten: Arrate Berazaluze langile eta aktibista feminista historikoa, Mariam Ourdi El Alaoui Kabia-Eibar San Andres egoitzako zuzendaria, Ana Ramos EITBko kkirol kazetaria, Maite Aperribay ekintzailea eta Amaia Gorostiza Eibar SDko presidentea. Solasaldian, bost emakumeek euren bizitzaren berri eman zuten, kontatuz emakume gisa ahalduntzeko mugarri izan zituzten momentuak: nola hasi ziren emakumeen asanbleak egiten, enpresak eratzen, karrerak ikasten, lanean eremu berriak lantzen,  justizia sozialaren eta feminismoaren kontzientzia hartzen...

Gaur sare sozialen eta elikaduraren gaineko gogoetak  

Gaur, ostirala, goizean eta arratsaldean zehar beste lau ekitaldi izango dira. Ondorengoa izango da egitaraua: 

10.00-11.30  Gazteen ongizatea Sare-sozialekiko adikzioa, gaitasun sozialen galera, suizidioaren hautua... Gazteak izango dira euren ongizatean eragina duten faktore desberdinak azaleratu eta eztabaidatuko dituztenak. Armeria Eskolarekin batera antolatutako saioa.  

11.30-13.00 Elikadura jasangarria Jakoba Errekondo agroekologian adituarekin solasaldia. Harekin batera egongo dira Debabarrenako bi nekazari euren esperientziak kontatzeko: Egotza baserriko Nagore Martin eta Amazabalegi baserriko Ander Urkia Saiz.  

18.00-19.00  Teknoadikzioak  Haurren ongizate emozionalean, sozialean zein fisikoan duten eraginagatik, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa Altxa Burua elkartearekin. Bereziki gurasoei bideratutako saioa.  

19.00-19.30  Kantu Jira Kantu Jira saio berezia eta ondoren pintxo poteoa.